Josu Naberan

Zeinek jarriko ote dio kaskabela?

Egunero zabaltzen diguten mezu horrek, albo-kalte galantak eragiteaz gain, angustia eta estresa dakarkio jendeari, alferrekoa bezain inmuno-kaltegarria. Berba batez, angustia antzua.

Oraindik ez dut ulertzen zergatik egiten diguten hitz eta pitz koroabirusaren miseriez, baina aho mentatu ere ez haren kausa. Beno, ulertu-ulertu bai, gero esango dudanez, baina konprenitu..., arean ere ez.

Gero eta gaixo gehiago dagoela. Gero eta neurri zorrotzagoak hartu beharra dagoela… eta, halere, ez garela izango gai Kotxoa gainditzeko. Labur esanda, angustia eta estresa erein eta erein egunero, bai hedabide salduenen eta tertulianoen aldetik, baita, batez ere, gure agintarien aldetik.

Baina noan harira. Neurri gogorragoak behar omen dira. Eta horretarako beti-beti jotzen da errazenera bezain kaltegarrienera: lagunartea murriztu. Kaltegarriena diñot, zeren lagunartea baita herritarrok daukagun defentsa bakarra hainbat gezur eta mezu toxikoren aurrean. Batzarra bai beraz, betiere behar diren neurriak hartuta.

Izan ere, ezaguna baita plutokraten asmoa, Estatu Sakonaren lehen helburua: gutariko bakoitza bere baitan isolatuta bizitzea (edo bejetatzea). Hala, bazka horri panikoaren perrexila gehituz, banako bezatuen saltsa gozoa leukakete euren platerean, euren maneiuetarako.

Beraz, egunero zabaltzen diguten mezu horrek, albo-kalte galantak eragiteaz gain, angustia eta estresa dakarkio jendeari, alferrekoa bezain inmuno-kaltegarria. Berba batez, angustia antzua.

Bien bitartean, Covid delakoaren kausari buruz, tutik ere ez. Ez neurri zorrotzik ez epelik. Baina nork daki zein den kausa? Beti gertatzen da: ziur ez dakidanez zer den, ez naiz sartuko horretan. Ba zergatian dagoenez gakoa, zergatiaz hitz egin behar da: bada mediku, ekonomista, soziologo, psikologo… jator asko. Zergatik ez ekarri tertulietara, kausez hitz egitera?

Hemen oinezko baten iritzia, lehenago ere aipatua: entzun al duzue Kapitalismo Basatia deritzan zerbaitez? Bada, sistema kapitalista hori krisi larrian ei dago –Nekane Juradori aditzen diot-, eta ekonomia reseteatu nahi omen du, zimenduetatik bertatik. Jakina, jende umilaren lepotik beti bezala. Jendea oro esklabo bihurtuz. Baina hori ere ez nahiko eta, jendea oro har ugarituz doanez eta planetako baliabideak murriztuz, jendea bera mehaztu beharra dakusa kapitalismoaren inteligentsiak . Sinesten? Horiei primeran datorkie pandemia.

Izan ere, beraiek izan dira gure biosfera, gure bizigunea, gaixoarazi dutenak. Patroien Industri iraultzek ekarriko zuten ondasunik (ez halere gehiengo pobrearentzat), baina baita pozoi ugari, besteak beste. Pozoi kimiko, transgeniko eta, oraingoan, zabor elektromagnetiko ugari. Oilar nagusien arteko gerra zibernetiko deklaratu gabeak, milaka antenaz eta ehunka satelitez bete du, lurrazala ezeze, planetaren gaineko espazioa. Bada, hortxe dago gakoa. Kotxoa ez da etorri Martetik.

Orain galdera nagusia: nork jarriko ote dio kaskabela katuari? Ez baita katutxo xume bat, baizik ilea laztuta daukan katar gaizto bat. Mundua maneiatzen duten katarrak dira: Trump, Putin, Xi… eta beste guztiak. Inork espero dezake horiek hiper-desarroilismo suntsitzailea utziko dutenik? Zorionez, gero eta jende gehiago joango gara itzartuz klima-aldaketaren eta pozoitze orokorraren aurrean. Hor dira gazteak (Extinction-Rebellion, etabar). Baina Europako ezker antolatua ausartuko ote da kapitalismoari aurrez aurre ozartzen, ez soilik berbaz, baizik eta ekintzaz? Ausardia handia behar da. Izan ere, kapitalismoa hain neurritan sartuta daukagu bizitzan eta buruan, ezen inpopularra baita horri aurre egitea. Horregatik nioen, ulertzen dudala. Baina zeinek erantzungo dio arazoari, ezker antolatuak ez badu egiten?

Garai larria bizi dugu bai, batzuek pentsa baino larriagoa, nik uste. Hala ere, ez dezagun bultza angustia antzu alferrikakorik. Angustia sortzailea da behar duguna, non gauden eta nora goazen argi daukatenen angustia aktiboa, aktibista.

Gurera jaitsita, nork espero dezake ezer gure komunitate elkarteko katu harroengandik? Berriz diot, geuk aukeratu al ditugu? «Un gobierno fuerte» dio gure gidari itsuak, botere egarri aseezina duenak. Baina herritarrok (gehienok behitzat) askoz nahiago dugu «gobernu inteligentea», egoeraz jabetu eta behar bezalako neurriak hartzeko gai dena.

Search