Gonzalo Larruzea Román

Zer ebatzi zuen Hezkuntza-Akordioak?

Apirilaren 7an hiru urte beteko dira mugarri politiko honetatik: Eusko Legebiltzarreko arkuaren %90ak akordio bat onartu zuen hezkuntza bezalako gai sinboliko eta eztabaidagarri batean. Euskal hezkuntzak inflexio-puntu bat behar zuen. Lortu al zuen Hezkuntza Akordioak? Aspalditik zerabiltzaten gaiak honako hauek ziren: 1) sistemaren egituraketa, 2) eskola-segregazioa, 3) hizkuntza-gaiak, 4) irakaskuntza-ikaskuntza eredua eta 5) sistemaren gobernantza. Ez hurrenkera horretan, baina Akordioak jorratu zituen gaiak izan ziren. Beste batzuk alboratura utzi zituen edo, behintzat, ez zituen hain sakon jorratu, hala nola, irakasleen politikak, jaiotza-tasaren jaitsiera, etorkin-jatorriko ikasleen sartzea, digitalizazioa, kanpo-ebaluazioek erakusten dituzten errendimendu eskasak eta horiek hezkuntza-inbertsioarekin duten korrelazio kontrajarria, hau da, sistemaren eraginkortasuna. Jarraian sakonago jorratu ziren lehenengo bost horiek errepasatzen saiatuko naiz.

Sistemaren egituraketari dagokionez, hauek ziren Akordioak erantzun behar zituen galderak: nola egituratu nahi dugu euskal hezkuntza-sistema, hainbat hamarkadatan sare publikoaren eta itunpeko sarearen artean ikasleak ia berdintsu banatu ondoren? Nola ezaugarritu dezakegu gizarte-intereseko zentro bat eta zein finantzatu behar dira? Nola itxiko dugu publiko kontzeptuaren inguruaren eztabaida? Eskola Publikoaren protagonismoa lau haizetara aldarrikatu zen, alegia, bere nagusitasunerako bideari ekitea, kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetuz. Hiru urte geroago, erantzun beharreko galderek zutik jarraitzen dutela egiazta dezakegu. Orain arte garatutakoak aurretik zegoen eskema indartu du, hau da, itun unibertsala sendotu da eta Eskola Publikoaren eta ikastolen bide paralelok izaten jarraitzen dute, zerumugan bat egiteko inolako bide-orririk gabe. Euskal hezkuntza zerbitzua ez da hainbatek espero zuten fruitua ematen ari.

Eskola-segregazioari dagokionez, hau zen erantzun beharreko galdera: nola berrantolatu gizarte-dualtasunean sakontzen duen eta gizarte-hausturaren eragilea den hezkuntza-sistema bat? Aurrerapausoak oso txikiak izan dira azken hiru urteetan, desparekotasun-indize globalak kontuan hartuta, behintzat. Eskola-segregazioaren aurkako akordio politiko eta sozial zabal baten zain gauden bitartean, Hezkuntza Sailak prozedura bakar bati heldu dio, ikasle zaurgarrien banaketaren aldeko apustu guztiak eginez. Ikusi da ez dela nahiko izan eta are gutxiago aurrerantzean, erreserbatzeko plazak oso murriztuta geratuko baitira datorren ikasturtetik aurrera.

Hizkuntza-gaiei dagokienez, Akordioak honako galdera hau erantzun behar zuen: nola gainditu hizkuntza-ereduak eta nola erdietsi beste marko bat bi hizkuntza ofizialak eta, gutxienez, hirugarren bat derrigorrezko etaparen amaieran nahikoa menderatzeko helburuarekin? Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna hitzartu zen, eta sistema horrek, inplizituki, hizkuntza-ereduak gainditu behar ditu, harekin bateraezinak direlako. Lorpen-maila batzuk finkatu ziren Lehen Hezkuntzaren eta DBHren amaieran, baina betetze-aukera desberdinei buruzko gogoetarik egin gabe, eremu soziolinguistikoen eta ikasleen tipologiaren arabera. Akordioak honako konpromisoa hartu zuen. «Hezkuntza-esparru eleaniztuna egitea, ikastetxeko hizkuntza-proiektua egin eta homologatu aurretik, haren funtzioa eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, betiere ikastetxe guztientzako esparru komun baten barruan». Esparru eleanitza zehazteko zain gaude oraindik. Jakina, hizkuntza-ereduek indarrean jarraitzen dute, araudia aldatzen ez den bitartean, behintzat. Sailburuak debate hori «oso gaindituta» dagoela uste badu ere, egoerak lege-arazo larriak ekar ditzake, baldin eta esparru eleanitza eta hizkuntza-ereduak bateragarri egiten saiatzen badira. «Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua» sortu dela iragarri berri da, Akordioan jasota dagoena. Espero dezagun sistemari esparru eleaniztun komuna gehiago zehazteko gai izatea eta translinguismoan oinarrituta eredua erdiestea, euskara ardatz hartuta, baina ama-hizkuntza erabat galarazi gabe.

Irakaskuntza-ikaskuntza eredua Sailarentzat higadura handiko borroka-zelai bihurtu da. Honako galdera hau ebatzi behar zuen Akordioak: irakasleek gogo onez onartutako konpetentzien marko batez hornitu gaitezke? Zein berrikuntza ezarri behar dira euskal sisteman? Akordioak, bai, konpetentzia-esparru bati buruz hitz egin zuen, baina metodologiei buruzko eztabaida «irakasleen parte-hartze zabalarekin» egiteko agindu zuen. Goitik beherako dotrinek, irakasleek erakarrita ikasgeletan ez badira sartzen, lur errea sor dezakete. Eta hor bai, aitortu behar dut Akordioa oso labur geratu zela irakasleen errekonozimenduaren eta inplikazioaren arteko orekan. Ez zuen irakasleentzako politiketan sakondu. Aurreko arazoak larriak izanik, lo zegoen herensuge bat esnatu da: irakasleen ondoeza. Erresistentziek, aktiboki (antolatzen diren kolektiboak) edo pasiboki (klaustroen erantzun moldagarriak formetan bakarrik), paradigma aldatzeko edozein saiakera mehatxatzen dute.

Azkenik, sistemaren gobernantzak galdera hauei erantzun behar zien: nola eraiki hezkuntza parte-hartzaileagoa eta kolaboratiboagoa? Nola egin ikastetxe komunitarioagoak? Nola inplikatu tokiko errealitateak eta erakundeak hezkuntzaren plangintzan eta kudeaketan? Akordioak zuzendaritzen aitorpena egin zuen, sistemaren lorpenetarako garrantzi estrategikoa baitute. Era berean, Udal Eskola Kontseiluak suspertzea eta Tokiko Hezkuntza Kontseiluak sortzea erabaki zuen, baina horien arteko harremana argitu gabe. Hainbat tokitako esperientzia zehatzak daude, baina arau-garapena falta da. Zuzendaritzen arloan egindako aurrerapenak aitortu behar dira (dekretu berria), baina esparru honetan dagoeneko ikus daiteke Sailak joera neoliberalaren kutsu bat duela gerentzialismoarengatik eta Kudeaketa Publiko Berria deiturikoaren irizpideengatik, ikastetxeen autonomian eta programa-kontratuetan oinarrituta. Bi gauza horiek bi ahoko ezpatak dira, demokrazia handiagoa edo ikastetxeen arteko lehiakortasuna areagotzea ekar dezaketenak. Ikusiko dugu dagoeneko iragarrita dagoen autonomia-dekretu berriak zer ekarriko digun.

Derrigorrean, hain gai konplexuen errepasoa azaleko begirada batean geratzen da, baina uste dut nahikoa dela ondorioztatzeko, alderdi zehatz batzuk izan ezik (zuzendaritzak, adibidez), euskal hezkuntzako «patata bero» nagusiek labean jarraitzen dutela hiru urte geroago. Hezkuntza Sailak ekimen mordo bat abian jarri du eta sailburuak esango digu 9 urte falta direla akordioaren ibilbidea osatzeko eta arau asko bidetik datozela. Adi jarraitu beharko dugu.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search