Zer egin
Maiz esaten da: «Tangoa dantzatzeko bi behar dira». Baina ni ez nago ados. Bi baino gehiago behar dira. Musikariak, dantzariak, publikoa eta dantzatokia bera ere behar dira tangoa behar bezala dantzatzeko
Gatazka baten konponbide fasean alde guztien konponbiderako borondatea ez dagoenean maiz ikusi izan da norberaren jarrera are eta zentzudunagoa denean etsaiarena are eta irrazionalagoa bilakatzen dela. Zergatik? Aldeetako batek konponbiderako borondate argia erakusten duenean eta norabide horretan pausu sendoak ematen dituenean, konponbidea nahi ez duen aldea agerian geratzen delako. Agerian iritzi publikoaren aurrean, agerian bere jarraitzaileen aurrean eta agerian ere kanpo ikuskatzaileen aurrean. Konfrontazio faseetan, gerraren gordinean ere, gatazka behin betiko konpontzeko bete beharreko baldintzak zeintzuk diren azaldu ei dituzte aldeek, modu batean konfrontazioa iritzi publikoaren eta bere jarraitzaileen aurrean justifikatzeko.
Baina aldeetako batek jarrera aldatu eta konponbiderako bidean aurrerapausoak ematen dituenean, eta, ondorioz, iniziatiba hartzen duenean, beste aldearen jarrera eta orduraino esan eta aldarrikaturikoak arrisku bizian jartzen ditu. Denbora bat behar izaten du beste aldeak egoera berrira moldatzeko, eta, moldatzearekin batera, bere jarraitzaile eta iritzi publikoaren babesa mantentzeko. Gerran irabazi edo galtzea bera baino garrantzitsuagoa baita konponbide fasean zein aterako den garaile, garailerik badago. Trantsizio fase horiek oso arriskutsuak dira, aldeetako baten jarrerak erradikalizatu egiten direlako; beste aldeak abiatutako bidea utz dezan saiatzen da, horretarako probokatu egiten du, eraso egiten dio.
Arrisku nagusiak nire ustez bi dira. Alde batetik, probokazio eta eraso horien ondorioz konponbidearen alde agerturiko aldeak konfrontaziora bueltatzeko erabakia hartzea edota hartutako bidean aurrerapausoak ematen jarraitzea baino erasoei erantzuten zentratzea bere dinamika. Kasu horietan argi dago konponbiderako borondatea ez daukan aldeak bere helburua lortu duela, hau da, konfrontaziora bueltatzea edo konponbide prozesua usteldu eta hutsaltzea. Bigarren arriskua agerikoa da ere. Konponbiderako borondate eza, trantsizio fasean erradikalizatzen dena, iraunkor bilakatzea, helburu estrategiko bilakatzea.
Horrelako agertoki arriskutsuak konponbide prozesu guztietan egon dira. Ez da sekula egon, edo nik ez dut ezagutzen, egoera bat non alde guztiek momentu berean konponbidearen aldeko apustua egin duten. Batzuetan horrelako jarrerek konponbide prozesua pikutara bidali dute, eta, beste batzuetan, egoera zailok gainditzea lortu da. Irlandan ez zuten lortu DUP alderdiak Ostiral Santuko Akordioa ekarri zuen elkarrizketa prozesuan parte hartzea. Baina hori baino garrantzitsua den zerbait lortu zuten: Ostiral Santuko Akordioa DUP alderdiaren parte hartzerik gabe aurrera ateratzea. Eta behin hori lortuta, DUP alderdia bera, denborarekin eta aipaturiko barne trantsizioa egin ostean, Sinn Feinekin gobernatzera heldu zen bere jarraitzaile kopurua galdu gabe. Antzeko adibideak aipa genitzake beste konponbide prozesu batzuetan ere.
Bakoitzak bere egoera partikularrera eta dituen baliabide eta aukeretara moldatu beharra dauka, bestea noiz etorriko den itxaroten geratu gabe. Izan ere, gerta liteke itxaroten duzun hori sekula ez etortzea. Konponbide prozesuak, elkarrizketak eta negoziazioak, iritzi korronteen indartzea, gizarte zibilaren aktibazioa, horiek guztiak ere borroka eta konfrontazio moduak dira. Jatorri eta helburu ezberdinak dauzkaten aldeen arteko lehiak. Eta prozesuak aldakorrak dira, ezin dira aldez aurretik erabaki; izan ere, pauso bat ematen duzunean agertokia aldatu egiten da, aldeen jarrera aldatu egiten da, eta aurretik pentsatua zenuen bigarren pausoak ez du jada ziurrenik pentsatu zenuenean zuen zentzu berdina izango. Maiz esaten da: «Tangoa dantzatzeko bi behar dira». Baina ni ez nago ados. Bi baino gehiago behar dira. Musikariak, dantzariak, publikoa, dantzatokia eta abar luze bat ere behar dira tangoa behar bezala dantzatu ahal izateko. Hala ere, elementu guztiak izan gabe ere, emanaldi ederrak ikusi ditut. Musikarik gabe, edo publikorik gabe, tango dantzari solista ikaragarri onak ere badaude. Perfekzioa ez da pelikuletan baino existitzen.