Josu Iraeta
Idazlea

Zertan ari gara abertzaleak?

Bitarteko baketsuak erabilita, indar moral guztiarekin eta nazioartean aitortutako eskubideak aldarrikatu soilarekin. Horri guztiari gehituz, euskal gizartearen gehiengoaren borondate zalantza gabea, aski izango ote dugu?

Garai bateko bortizkeriaren oihartzunak atzera egin duen neurrian, berriro agerian geratzen ari da, betiko demokratentzat, biktimak, «beraien» biktimak, direla benetako egitasmo politikoa, ez dutela besterik. Itxuraz hori aski dute.

Etorkizunaz eztabaidatzeak gaur, baldin eta eztabaidarik badago –Madrilgo Lege Biltzarrean entzuten ari garena ez da eztabaida, beste zerbait da– ETAk bere jarrera militarra amaitu izanak ekarri duen «krisialdia» gainditzeko egin beharko litzatekeena, errealitate ezagun baten aurrean jartzen gaitu, bai gizartea, bai klase politikoa. Duela bi, hiru edo lau hamarkadako leku berean, baina aldagarri batekin, alegia; orain artekoa ez da aski, ez du balio, agian, auskalo noiz, beranduago beharbada…

Are okerrago, beste zerbaitez solas egiten da. Egonezin instituzionalean kokatu nahi da eztabaidaren arreta-gunea. Berriro piztu nahi dute ohiko iruzurra, komenigarritasun politikoaren arabera, gaia eremu judizialera eramanez. Estatu espainiarrean inork ez baitu su–etenik. Izan ere, memoriak hautatu egiten baitu ezkutatu edo ahaztu nahi duena, Galindo generalaren afera, adibidez.

Bi komunitate desberdin eta antagonikoak, bakoitzak bere eskubide politikoak zilegi den bezala bilatzen dituztenean, gatazka askotan zatiketarekin konpondu izan da. Baina beti ez, eta adibide asko ditugu. Mapak ez baitira ukiezinak, eta Europan ere ez. Horregatik hogei garren mende hasieran Europa 24 estatu independienteak osatzen ba zuten, gaur 47 ditu. Kontuan hartzekoa, azken bi hamarkadetan, hamasei direla osatutako estatu berriak.

Ez baita zelai politikoan parte hartze hutsarekin arazo demokratikoa konpontzen, egitasmo guztien lehia bermatzean baizik. Hala ere, beste aukera bat da, eraikitzea orube berri bat, komunitate antagonikoek beraien etorkizuna antola eta gara dezaten, lurralde eta politika «auzotasunaren» logikari jarraituz.

Ordaina –beti dago ordainen bat– Konstituzioaren ukiezintasunari uko egitean datza. Konstituzioa eraldatzeko proposamenak aurkeztu beharrean gaude, bestela, orain arte ikusi dugun bezala, edozein irtenbidek –guk eskainitakoa barne– alde batek bestea garaitu izanaren porrota besterik ez du ekarriko.

Historiak berak agertzen digu euskal gatazka deitu den hori konponbidean jartzeko asmoz negoziazio prozesuren bati heldu zaion bakoitzean, Madrilen aldetik azaleratu den sakoneko gakoa, alegia, Estatu espainiarren demokratizazio amaitu gabea, hutsegite baten defentsa irmoan oinarritu dela, zer eta Espainiako ustezko ukiezintasunaren defentsan.

Komunitate politiko baten etorkizuna ezin da arinkeriaz oinarritu ustezko komenigarritasunezko tabuetan. Ez ta Moncloaren aldizko ahulezia baliatuz. Oraintsuko etorkizuneko gertakariak, benetan hauskorrak lirateke, ez balira arduradun gutxi batzuen nahia baino. Ez du ezertarako balio borondate politikoak, ez bada garapen sakon eta iraunkorretan oinarritzen. Besteak beste, mentalitatea, bilakaera eta eskubidearen aitortzan.

Berdin zait EAEren aldetik edo hemen Nafarroan. Berdin zait EAJ edo Geroa Bai. Une honetan bakarrik ez, askotan irakurri eta entzun izan diet hainbat belaunaldiko erakunde abertzaleko buruzagiei beraien helburua Euskal Herriaren askatasuna dela, baita Urkullu berari ere.

Hasiera batean, zalantzan jarri ezin badut nirea egiten dudan helburu horren aldeko jarrera, aitortu behar dut, nahiko sinesgaitza iruditzen zaidala, helburu horren alde egitea, PSOE bezalako indar politiko espainiarrekin bat eginez. Oso zaila.

Ez dut fidagarritasun handirik ikusten EAJak daraman bidean. Ez baita onargarria; batzuetan bai, besteetan ez, han bai, baina hemen ez. Ez dago zalantzarik, euskal abertzaleok ez gatozela bat «aske» hitzaren praxiarekin.

Beharbada norbaitzuk esango dute agian ez gaudela une egokian horrelakoak azpimarratzeko. Ezagutzen ditut, badakit nortzuk diren, nork ez ditu ezagutzen ba? Euskal herria aske nahi dutenentzat, askatasunak esanahi bakarra dauka. Ez du esan nahi ipar edo hegoko askatasuna, Euskal Herri osoaren askatasuna baizik.

Historiak agertzen digu ez dugula beti bide egokia hautatu, eta egia da, baina okerrak zuzentzen ikasita gaude.

Lehen aske izatearen praxiarekin nebilen bezala, uste dut, abertzale izatea ere zehaztu beharra dagoela. Abertzale izatea, nazionalismoa, ez baita estatutu batean jaso eta hitzarmenak babesten dituen interesak bermatzen duen zerbait. Abertzale izatea, beste gauza bat da. Hausnarketa honen edukiak zaharkitua eman dezake, baina abiaburu hauetatik zenbat eta gehiago aldendu, orduan eta zailago jarriko zaigu nahi dugun horretara hurbiltzea.

Uste dut une egokia izan daitekeela aitortzeko, orain arteko joan–etorri osoari, begirada luze batez, onartzeak, ez nauela itsutzen ez ikusteko adina, nazio batek bere askatasuna lor dezakeela, odol tantarik ere isuri gabe. Bale, baita hori dela –ahal izanez gero– jarraitu beharreko bidea.

Baina bitarteko baketsuak erabilita, indar moral guztiarekin eta nazioartean aitortutako eskubideak aldarrikatu soilarekin. Horri guztiari gehituz, euskal gizartearen gehiengoaren borondate zalantza gabea, aski izango ote dugu?

Behin eta berriro ikusten dugun bezala, hain gutxi trebatua dagoen Espainiako demokraziak, ba ote du –noz bait izango ote du– britainiarrak Irlandan adierazi zuen adinako sendotasun nahikoa? Erregimen zaharretik eratorriz txertatzen ari direnak, aseko ote ditu? Argiago esanda, egoerak behartzen duen trantsizio berriak, eskatzen duen guztiari eutsiko dio? Horrela izan dadila.

Search