Zigor Zaitsev
Donostia

Zeruko aingeruak berriro

Sortu denak hiltzea zor, eta hil ostean nik zerura joan nahi nuke, paradisura, han ez baita lanik egin behar. Izan ere, zeruko aingeruak langile finak omen dira, eta eurek egiten dute dena. Bihurriak beharbada, baina beti zuzen eta zintzo, beti erne, bandera zabalik eta txispaz armaturik, gure aingeru gorriz jantziak.

Duela egun gutxi prentsan jakin ahal izan dugunez, iaz zeruko aingeruek 164 erreskate edo sorospen zerbitzu burutu zituzten. Jainkoa langilearen laguntzaile baina ez arrunt ordaintzaile, eta honek guztiak 10 miloi euroko gastua omen dakar. Baten batek ordaindu beharko du, baina ez apaizak, eta sorospen laguntza jaso zuten bi eskalatzaileei erreskatea kobratu zaie. 164tik bi eskalatzaile bakarrik, % 1,21. Guztira 3.000 euro baino gutxiagoko ordainsaria, gastu guztiaren %0,03, atera kontuak. Gasturik eta lanik gutxien eragiten duenari kobratzen zaio.

Horietako bat Atxarten gertatu omen zen. Albisteak ez du zehazten, baina agian eskalatzailea zaurituta zegoen, ezinean, osasun arretaren  beharrrean (medikua eta erizaina, alegia) baina aingeruek artatu zuten. Aurrerantzean, zeruko bideak jarraituz gero, auto istripuan zauritutakoak zerukoek eramango dituzte, eta ezanbulantziek. Jainkoari esker zeruan ez da medikurik behar, eta zeruan bezala lurrean ere bide hori lantzen ari dira aingeruak, gure zaindariak.

Ez da lehenengo aldia; 2013ko martxoaren 23an gorriz jantzitakoen helikopteroak mendizale bat erreskatatu zuen Atxarten, femurra apurtuta zuelarik eta, prentsan irakurri genuenez, odol jario latzarekin. Berriro ere, osasun arretarik gabeko garraioa. Horrelako egoera batean, aukerarik badago (eta aukera bazen) garraioa helikoptero sanitario batek egin behar zuen derrigorrez, eta asmo horrekin abiatu zen Osakidetzako helikopteroa, baina berriro ere lekuaren koordenadak ukatu zizkioten, eta, beti bezala medikuari itxaron barik aingeruek mendizalea eraman zuten. Zeruan ez dira luzamendutan ibiltzen, baina lurrean gauza jakina da femurraren haustura oso larria izan daitekeela, eta PHTLS testu liburuak badaezpada gogorarazten digu: «Si se fractura un hueso, la inmovilización del mismo reduce la probabilidad de agravar la lesión y el dolor del paciente. El movimiento de los extremos puntiagudos del hueso puede producir lesiones relevantes en el músculo, los vasos sanguíneos y los nervios vecinos». Horrelako pazienteak behar bezala, eta ez edonola, mugitu behar dira, min gehiago ez eragiteko: «una extremidad lesionada debe moverse lo menos posible. El objetivo principal de la inmovilización es evitar la movilidad en esa región corporal. Esto contribuye a disminuir el dolor del paciente y a prevenir un mayor daño y hemorragia en partes blandas». Eta horretarako ferula eta tresna bereziak erabiltzen dira: «férulas de tracción, que están diseñadas para mantenerr una tracción mecánica en eje para ayudar a reducir las fracturas. Las férulas de tracción se emplean con más frecuencia para estabilizar las fracturas de fémur». Baina tresna hauek ZIU mugikorrek eta Osakidetzako helikopteroak dauzkate bakarrik, ez beste inork. Hortaz, zergatik eraman zuen aingeru gorrien helikopteroak, Osakidetzakoa bertan zegoela? Diruagatik beharbada? Izan ere, Osakidetzako helikopteroa ez da ordaindu behar, bestea bai ordea. Irabazten duenarentzat zerua, lotsagabeentzat mundua.

Txirrindulariek bidearen bihurguneei etengabe aurre egin behar diete, eta noizean behin istripuak izaten dituzte. Noizean behin hiltzen dira, hiltzen zaizkigu, eta Oiz mendian hil zen txirrindularia gogoan daukagu. Aingeruen helikopteroak eraman zuen zerura, Osakidetzakoa lanpeturik zegoelako. Durangon abiadura han- diko trena bai, baina ez daukate inolako prisarik ZIU mugikorra jartzeko, eta Elgoibarretik joan behar izan zen anbulantzia. Oizera heldu orduko txirrindularia ez zegoen, eta medikua eta erizaina zur eta lur geratu ziren. Gorriek mediku koordinatzaileari galdetu gabe euren kabuz eraman zuten txirrindularia, mediku batek ebaluatu baino lehen. Hil zen. Halako aingeruetatik Jainkoak guarda gaitzala!

Hegan egin baneza, zeruan entzungo nuke meza, baina lurrean bizi naiz oraindik. Eta oraindik ere horrelakoak entzuten ditut. Oraindik ere osasun laguntza behar duenari uko egiten zaio, eta aingeru gorriek eramaten dute zerutik zerura, inpunitate osoz. Oraindik jendeak ez omen daki larri dagoenak osasun laguntza jaso behar duela, eta alboan daukan laguna anbulantzian edo helikoptero sanitarioan eraman behar dutela, ez aingeruek. Jainkoaren beldur ez denaren beldurtzeko da, eta hor dabiltza zeruan aingeruak berriro, langile finak, beldurrik gabe. Jainkoak ez gaitu libratuko, guk egin beharko dugu. Ez utzi mesedez aingeruak larri dagoena artatzen, zerura bidaliko dute eta.

Search