Fernando Prado Ayuso
Donostiako Gotzaina

Zuk merezi duzulako

Pobreen Mundu Jardunaldi berri bat ospatu genuen aurreko igandean. Bibliako "Ez eman bizkarrik behartsuari" goiburupean, Frantzisko Aita Santuak eginiko deia jarraituz, Elizak, guztioi, baita fededun ez direnei ere, inoiz begirada aldendu behar ez geniekeen, aurpegia, historia, bihotza duten, pertsonak daudenaren kontzientzia hartzera gonbidatzen gaitu.

Nire gotzain ordenazioaren egunean, beraiei buruz hitz egin nuen. Historia egiten ez dutenak dira, historiaren parte ez direnak. Gainera, batzuetan, egunkarietako kronikaren baten berri izaten dira, gehienetan kronika beltzarena. Kostatu egiten zaigu beraiei begiratzea. Batzuk, zaborrontzietan jateko zerbaiten bila aritu ondoren, kutxazain, zoko, gure etxeetako atalondo, edo gure tenpluetako atariren batean hartzen dute babesa gauetan. Beste batzuk berotasun eta lagunarte pixka bat bilatzen dute eskura dituzten aterpetxe urrietan. Kontutan hartzen ez diren horiek dira.

Gure eguneroko bizitzan, oro har, garrantzitsuagoak iruditzen zaizkigun gauzek kezkatzen gaituzte. Gure herrialde-ideietan, gure futbol-taldean, eta gure zaletasunetan jarrita dugu arreta. Gure kaleetako lan gogaikarriak lehenbailehen bukatzeak ere kezkatzen gaitu, gure herrietako plazek edo Easo Ederrak mundu guztiaren begien aurrean nola distiratzen duen. Horretan ere indarra, grina eta aurrekontu publiko asko inbertitzen dugu.

Baina, gure Easo Ederrean, eta Gipuzkoako herri handi eta txiki askotan, bada bazterrean bizi den jendea (edo agian, jada, beste ertzean, itzulerarik gabe), hau da, kartoi artean lo egin, hotza pasa, ezin dutxatu edota komunera eroso joan ezin daitezkeenak. Pobreekin lan egiten duten gure inguruko erakundeen diagnostikoa aho batekoa da: ongizaterako deia gero eta handiagoa den bitartean, pobrezian bizi denaren bolumena gero eta gehiago isilarazten da.

Baina beste alde batera begiratu arren, hor daude. Caritasek, itzal handiko bere txostenetan, laguntza eskatzen dutenen profila aldatu egin behar dela dio. Ez dira zenbakiak, pertsonak dira. Gure zerbitzuen premia eskatzen duten pertsonak, kezkagarriki, gero eta gazteagoak dira, eta emakume aurpegia dute. Gipuzkoa osoan Caritaseko mila bat boluntarioz osatutako gudaroste txiki batek, herritarren bat-bateko ekimenetatik laguntzen duten beste pertsona askorekin batera, gure beharra dutenen pertsonen aurpegia, gero eta kolore anitzagoa dela ikusten dute.

Boluntario hauen lana, bide batez, arrunt goraipagarria da. Asko zor diegu! Ez bakarrik beraien lan adeitsu eta eskuzabalagatik. Egiten dutenarekin, esaten dutena da, gehien hunkitzen gaituena. Beste aldean daudenen alde egiten duten gauza bakoitzak lotzen ditu: zuk horrenbeste balio duzu, zuk duintasuna duzu. Eta hori zuzenean esaten diete beraiei, eta baita guri ere, hiritar gisa, behin eta berriz, duintasunaren aldeko aldarri hori entzun behar baitugu. Zerbaitetan sinetsita banago, zera da, ahulenen duintasuna berrezartzeak edo babesteak, giza anaitasunari laguntzen diola eta Jainkoaren irudia zaintzen duela pertsona bakoitzarengan.

Gure eliz erakundeak ez dira denetara iristen. Ezta herritarren ekimenak ere. Ezin zaigu gehiago eskatu. Erakunde zibilei, edozein koloretakoak direla ere, bai. Gure kaleetan ikusten dugun pobre bakoitzak gure erakunde publikoen mugez hitz egiten digu. Badakit gure hiriko eta herrietako politikari eta agintari askok arduraren bidearekin bat egiten dutela, eta ez dutela beste alde batera begiratzen. Eskerrak eman behar zaizkie egiten dutenagatik, bai, baina zera esan behar zaie ere: ez da nahikoa. Gehiago egin daiteke. Lehentasun kontua da.

Nire elizbarrutiko kide maiteei, bereziki esan nahi diet, behartsuen arazoen konponbidea beti gure esku egon ez arren, ezin dugu ahaztu, eta behin eta berriz esan behar, pobreei arreta ematea Elizaren loria dela, gizarteak aitortzen eta baloratzen duen ezaugarria. Hitzik gabe ebanjelizatzea da. Pobreengandik urrun legokeen Eliza, opakoa litzateke, sinesgarritasun gutxikoa, ez bailuke Jesukristok azkenekiko zuen maitasuna islatuko. Ez dezagun inoiz ahaztu.

Ez dezagun ahaztu, halaber, Elizan ez dugula inoiz ezer egiten, ez ideologia edota ideologia politiko batetik, ezta beharra duten anai-arrebei zerbitzatzean ere. Fedetik egiten dugu, Jesusen Ebanjeliotik goiargituta. Benedikto XVI.ak behin zera esan zuen: «Eliza subjektu politiko bihurtzen hasiko balitz, ez luke gehiago egingo pobreen eta justiziaren alde, baizik eta gutxiago egingo luke, bere independentzia eta aginpide morala galduko bailuke, bide politiko bakar batekin eta jarrera partzialekin bat eginez. Eliza, justiziaren eta pobreen abokatua da, hain zuzen ere, politikariekin eta alderdi interesekin bat etortzen ez delako» (Aparecidako Gotzainen batzarraren hasiera ekitaldia, 2007).

Begirada honek oinarritzen du duintasunari buruzko diskurtso oro. Pobrearen aurpegia alboratzen ez duen, hau da, gure asmoez, edo egiten dugun asko edo gutxiaz haratago, zera diona: zuk merezi duzulako.

Search