Zuriari zuri eta beltzari beltz
Ongizate estatuak herritarron bizitza kalitatea hobetzeko zerbitzu publikoak sustatzen ditu (osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak...). Ongizate estatuaren egoera neurtzeko adierazleen artean honako hauek aurki ditzakegu: gastu sozialak, zerbitzu publikoen ahultasun/indarra zein denboran zehar sektore publikoek pribatu-kontzertatuarekin izan duten eboluzioa; adibidez, osasungintzan mutuak eta seguru pribatuak kontratatu dituzten pertsonen azken urteetako igoera publiko-pribatu kolaborazioa deiturikoari esker (sindikatuek hori kritikatzeko kanpaina bat abiatu berri dute). EAEn jatorri pribatua duen gastua %50 igo da 2003tik 2022ra bitartean. Sistema dualak, pribatizazio endogeno edo ezkutuko pribatizazioek, osasungintzan ere efektu kaltegarriak dakartzate.
Hezkuntzan, ongizate estatuaren beste zutabeari begira, EAEko sare publikoaren portzentajea %51ra heltzen da eta funts publikoekin finantzatutako titulartasun pribatuko ikastetxe kontzertatu-pribatuak, %49ra (ikastolak eta kristau eskolak gehienbat). Estatuko zein Europako egoerarekin alderatuz gero, EAEn hezkuntza pribatu-kontzertatuan portzentaje altuenetarikoa dugu. Zein da joera? Oraingo egoerari eustea edo eskaintza publikoa are gehiago murriztea?
EAEko sareen arteko portzentajeari soilik begiratzeari eskandalagarri deritzot. Txarrena da ez dela azken urteko egoera, baizik eta urte luzeak daramatzagula horiekin, EAEn ia 1980ko hamarkadatik horrela. Beraz, egoera kronifikatu egin da eta horregatik harritu egiten nau indar politiko aurrerakoi batzuek kritikak egiteak beste zerbitzu publikoetan (adibidez, osasungintzan) eta hezkuntzaren datuei erreparatuta, ordea, «eskuak burura ez eramateak» edota «beste aldera begiratzeak».
Jaiotza tasa txikiagotzeak, eta ondorioz ume kopuruaren jaitsierak hainbat ikastetxe ixtera eramango du. Arazo horrek ere hainbat aukera zabalduko ditu; horien artean, hezkuntza publikoa indartzeko aukera, eta esandako portzentaje eskandalagarria orekatzeko, urtez urte eskaintza publikoa handitu liteke, kontzertatuetako irakasleen eskubideak bermatuz. Zailtasunak eta arazoak izango dira (egoitzen titulartasuna...), baina ezinbestekoa da prozesu eraldatzailea abiatzea. Eta eraldaketa horretan erradikalak izan behar dugu (ez batzuek garai batean erabiltzen zuten «muturrekoak» esanahiarekin), gure analisiak sustraietan, muinetan oinarritu behar ditugula ulertuta. Erradikalak izan behar dugu, arazoa egiturazkoa baita. Ez da nahikoa ikasleria zaurgarria modu orekatuan banatzea, premiazkoa izan arren.
Askotan esaten da hezkuntza sistemaren helburu nagusi bat gizarte kohesioa lortzea dela. Beraz, sare duala (kontzertatu-pribatua) bultzatzeak ez dauka inongo zentzurik, efektu zuzena gizarte hori bitan edo hirutan zatikatzea delako (maila sozioekonomikoa eta ideologia-erlijioen arabera). Euskal Herrian euskalduntze prozesuan ikastolek izan zuten papera txalogarria da, baina modu argian gaur egun EAEn eskola publikoak beharrizan horiei erantzun diezaieke; beraz, epe baten barruan prozesu ordenatu baten bidez aldaketa aurrera eraman daiteke.
Horren harira, azkenean hainbat alderdik babestu zuten hezkuntza legearen kontzeptu bat nabarmendu nahi nuke: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, hain zuzen. Zerbitzu horrek ikastetxe publiko zein pribatuak barne hartzen ditu. Zelan da posible zerbitzu publiko horren barnean titulartasun pribatuko ikastetxeak izatea? «Zuriari zuri, beltzari beltz», publikoa publikoa da, pribatua pribatua. Beste gauza bat da egun hainbat gauzatarako ekimen pribatukoekin elkarlanean aritzea, betiere eszenatoki utopiko bat lortu arte: hiritarren beharrizanei erantzuteko sare publikoetako zerbitzuak gehiengoa izatea.
Ahal den adar guztietan pribatua publiko bihur liteke erakunde ezberdinetatik (Jaurlaritza, diputazio, udaletxe, mankomunitatetik...): ospitaleetan, eskoletan, jantokietan... garbitzaileak, psikologoak, osasun mentaleko profesionalak, anbulantzietako langileak (horren adibide, Nafarroan Bidea enpresa publikoa sortu dute)... Lanpostuetan eskaintza aldatu behar da, kontzertuak murriztuz adostu litekeen erritmoan, baina etengabe.
Hainbat alderdik analisi konplexuagoa aztertzea eskatuko du, baina datozen erronken aurrean gako batzuk aintzat izateak ideia inklusiboagoak, gizarte kohesionatu eta berdintzaileagoak diseinatzen lagunduko dute.