Joanes Atxa Olaiz

100 kiloko zama

Mikelek zain du ama, ikastolatik irten orduko autoa hartu eta Almeriara joateko prest, baina gaurkoan atzeratu egin da Mikel, klase-kide duen Markelekin solasean baitabil. Markel, parkera joango da gainontzeko lagunekin jolas egitera eta Mikelek alde egin behar duela esan dionean, zera galdetu dio dezente goibelduta:

-Esaiozu amari gaurkoan jolastea nahiago duzula, jo, ezkutaketan egitea pentsatu dugu eta...

-Ezin dut Markel, aita ikustera noa... –moztu dio Mikelek urduri– berrogei minutu besterik ez ditut berarekin egoteko. Amak dio, inork ez duela aita gogoratzen, politikarien erruz kartzelan egon behar duela eta ikusten dugun bakoitzeko bi musu besterik ezin dizkiogula eman.

-Baina ze arraio! Hori ez da bidezkoa, esaiezu zuk ere aitarekin egon nahi duzula. Amak antzekoa esaten dit askotan, gizon eta emakume maltzur batzuen erruz desagertu zela behin eta ordutik inork ez duela aitatxo gogoratzen. Ordutik, ezin izan diogu muxurik eman.

-Ez dakit ze obsesio duten gure gurasoekin motel... Gorroto dudan bidaia da gainera, igandetan kanposantura egiten duzun bisita bezain desatsegina.

-Normala da sentitzen duzuna, ni ere aita berriro ezin ikusiak amorruz betetzen nau... beno Mikel, parkera noa, bidai on!

Horiek horrela, Mikelek eta Markelek egunerokotasunean murgildu dute berriro euren burua, urteak igaro ahala inork ez baititu Mikelen bidai zentzugabe eta krudelak ezta Markelek kanposantuan astero uzten dituen loreak.

Mikelen aitak zuzentzen zuen komandoak jarritako lehergailuak Markelen aita hil zuen, ertzain lanetan zebilenean. Ordutik, Mikelek astero ehunka kilometrotara dagoen kartzelara joan behar du aitari muxu emateko eta Markelek ez du ordutik aita berriro ikusi, oroitzapen bakarra amak Pirinioetara egindako bidaiatik gordetako familia argazkia izanik.

Mikelek astero motxila arropaz eta kemenez bete eta kartzelarako bidea egin beharko du, Markelek motxila oroitzapen eta ausardiaz bete eta hilerrira abiatuko da, ehun kiloko zama bizkarrean eraman beharko balute bezala.

Ez al dira biak motxiladun umeak? Guk geuk gure motxila gizatasunez eta bizikidetzaz bete beharko genuke, egunero Mikel eta Markel bezain errugabe diren iraganaren biktima guztien motxilak arindu daitezen, eragiten dien zama zentzugabe eta ankerra desagertu dadin, arindu ditzagun Mikel zein Markelen motxilak. Ez al da lagungarriagoa motxila mota bi hauen arintze bateratua egitea?

Search