Ainara Balantzategi Ibargoitia

812 urte eta gero    

Pasa den egun batean, amarekin batera, Gasteizko Arte Ederren Museora joan nintzen Pablo Uranga gasteiztar margolariaren erakusketa ikustera. Museoko sarreran, ikustera joan ginen erakusketaren panfletoarekin batera, han bertan zegoen beste loditxo bat ere hartu nuen. Izenburua irakurri gabe hartu nuen, horregatik, jadanik barruan geundela, irakurri eta hara nire sorpresa, Gasteizko borondatezko entregari buruzkoa zen. Amarekin komentatzen ari nintzela, handik pasatu zen museoko langile batek erakusketa hori goiko pisuan zela esan zigun. Nik berriz, borondatezko entregarena gezurra zela esan nion, erantzuna: «Segun nork kontatzen duen».
1199. urtean, Gaztelako erregearen menpeko soldaduek, Gasteiz herria setiatu zuten. Datu garrantzitsua da, uzta jaso aurretik izan zela; hau da, Gasteizen, ia, jatekorik geratzen ez  zenean.
Beraz, gasteiztarrek, borrokez aparte, gosea ere pairatu behar izan zuten Antso Azkarrak amore emateko agindua eman zuen arte.
Nire uste apalean, zazpi hilabeteko setioa, baldintza horiek igaro ostean men egitea, ez da borondatezko entrega.
812 urte igarota, irabazlearen samurtutako bertsioa ontzat ematen da, eta hau garatzeko, erakusketak ere egiten dira.

Search