Txaro Marquinez eta beste hamazazpi sinadura*

Agonia larriagotu eginda Arabako egoitzetan

Denok dakigu jasaten ari garen pandemia bereziki bortitza izaten ari dela gure adinekoekin, eta are bortitzagoa izaten ari dela egoitzetan bizi direnen artean. Covidaren gogortasunak ondorioak areagotu ditu, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren ondorioz.

Pertsona asko hil dira egoitzetan. Pandemiak agerian utzi ditu beren kudeaketa ezin hobea dela esaten dutenak. Mendekotasuna duten pertsonen zaintzak agerian geratu dira. Egoitzetan hildako eta kutsatutako pertsona kopurua hori frogatzen duen datu objektiboa dira. Hala ere, egiten dituzten ikuskapenetan ez dituzte ez erabiltzaileak ez senitartekoak kontuan hartzen, eta inoiz ez ditugu emaitzak jasotzen, prentsan argitaratu ezean.

Gaur egungo zaintza-ereduak ez duela balio jakitera eman dute hainbat erakunde ospetsuk eta zaintza-lanetan adituek. Haiek entzun beharrean, Arabako Aldundiak gure adinekoei tratu txarrak ematen jarraitzen du. Egoitzetako erabiltzaileak tratu txarrak jasotzen ari dira.

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Sola jaunak esan zuenean "nahiago ditut triste hilda baino", ez zen kasualitate hutsa izan. Egoitzetarako estrategiaren definizioa izan zen. Penaz hiltzear daude, sedaziorik gabeko agonia gogor eta luzean.

Egoitzen txertaketa erabili zuten haien burua zuritzeko. Ondo egindako lanaren adibide bezala saldu zuten txertaketaren kudeaketa. Beste behin, gezurra esan zuten. Helburua hildakorik ez egotea zen, haien irudian izan duen eragina izugarria izan delako. Ahoa betetzen zaie esanez Covid 0 egongo dela egoitzetan. Baina ez dute esan zer gertatzen ari den txertoaren ondoren.

Senideok egoitzetan sartu ezinik jarraitzen dugu, zer jarduera eta zaintza jasotzen dituzten jakin ezinik, eta gure adinekoen eskubideak urratzen dituzten bisitekin eta irteerekin. Espetxeetan graduak daude, bisitak eta irteerak, Gasteizen ikusten ari garen bezala, egoitzetan ez.

Egoitzak isolamendu kartzela bihurtu dira. Adineko guztiak txertatuta daude, baina isolatzen dituzte, nahiz eta PCRak negatiboak izan, langile positiboekin harremana izateagatik. Berriro ere konfinatuak. Zein baldintzatan? Aldundiak berak ere aitortutako erabateko garrantzia duten bisita eta irteerak kendu zaizkie.

Gure senideen egoera fisiko eta kognitiboak okerrera egin du, eta ez da bakarrik adinagatik edota patologiengatik, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa negargarri eta ankerragatik baizik. Sola jaunak nahiago zuen tristura ari da gure adinekoak hiltzen.

Mediatikoki, egoitzek informazio-lehentasuna izateari utzi diote, ez baitago Covidaren ondorioz hildakorik. Baina pertsona askok, senide eta erabiltzaile askok agonia bizi dute, eguneroko gorabeherekin, eta fisikoki zein psikologikoki kalte handia egiten ari dira.

Gasteiz eta Araba eremu gorrian sartu dira. Murrizketa berriak, ostalaritzan, mugikortasunean... Zergatik ez dira letra larriz argitaratzen adinekoei ezartzen zaizkien murrizketak? Egoitzetako irteerak eten egin dira. Urkullu eta Gonzalez jaunek terapeutikoak deitu zituzten irteera horiek ez dira existitzen.

Gure senideei bisitak izateko eta egunero paseatzeko eskubidea ukatzen zaie. Etxeratze-agindua 23 ordukoa da haientzat, kasurik onenean. Askori egunero senideekin egotea eta paseatzea ukatzen zaie.

Inork ez dezala bere burua engainatu. Ez dira inor babesten ari, eskubide guztiak urratzen ari zaizkie. Gure adinekoek konfinatuta jarraitzen dute, batzuk beren geletan, beste batzuk irteera eta bisita kronometratuekin eta asko, gaurtik aurrera, irteerarik gabe, diputatu jaunak hala erabaki duelako. Egoitzetako itxitura perimetralean debekatuta dago gertukoekin paseatzea. Herritar gehienei inposatzera ausartzen ez diren neurriak adinekoei inposatzen dizkiete.

Eguberria "salbatu" dute, Aste Santua "salbatu" dute, zergatik ez dituzte adinekoak salbatzen? Senide garen aldetik, nekatuta gaude, baina horrek ez du esan nahi gure nagusientzako duintasuna eskatzeari utziko diogunik.

* Txaro Marquinez Idiaquez
Txurruka Garate anai arrebak
Ana B. Mayorga Velasco
Maria Luisa Sánchez Pérez
Maria Angeles Bueno Chandro
Emilia Lopez Holgado
Encarnación Aguinaga Rodriguez
Consuelo Salvidea Martinez de Murguia
Isabel Sanchez Martin
Anunciación Aldama Villanueva
Cristina Verdugo Sandoval
Maita Ramos Sierra
Maria Solis Saez
Gotzone Redondo Garcia
Maite Egia Iturralde
Valentina Sanchez Perez
Amaya Gallego Sanchez

Search