Izarra Gisasola eta familia | Getxo

Agur eta ohore Iñaki Arenaza, "Txo"

Gaur altxatu eta telefono dei batek berria eman dit, joan zara, agurtu barik. Txo ondo ezagutu dugunok badakigu abertzale eta ezkertiarra, euskaldun ta euskararen militantea izan aparte, erbestea ere ezagutu zuela, betidanik konpromezuz konpromezu ibili dala. Orain gutxi egon ginen elkarrekin, Portugaleteko Hotelean, nire ahizpak egindako koadro erakusketan. Pozik agertu zinen betiko lagunarekin, Carlosekin. Gaur milaka ta milaka gogorapen etorri zaizkit burura, AEK-n, Xaribari euskaltegian emandako urteak, zure kasuan, bizitza, ezker abertzalean, gose grebetan, Herrera de la Mancharako martxetan, Arantzazuko gose greba gabon gauean, jaietan, bazkarietan, batzarretan, txosnetan, estropadetan, Herri Urratsetan, gabon zaharra Errigoitin, ihauterietan mozorrotuta, beti, beti lanean eta beti pozik eta alai. Baina egia da ere, Arantza, zure bizitza eta bidaia laguna, joan zitzaigunetik, triste ikusi zaitugula. Ziur nago bere bila joan zarela, eta jada elkarrekin egongo zaretela. Musu bana. Beti izan zaituztet lagun eta gure momentu onenetan zein txarretan egon zarete, eta hori, betiko bihotzean eramango dugu, eta dut. Gaur nire senideak enteratu direnean zur eta lur geratu dira, zuen Printzea ere, zuk ulertzen nauzu. Gazte gaztea nintzela, ezagutu zintudan eta nahiz eta askotan "kaskarrabias" eta burugogorra izan, laguna leiala izan zaitut beti, eta beti, beti da. Oso ondo pasa dogu eta oso txarto ere bai, baina kantak dioen bezala, gure bizitza izan da. Zuen galerak, bai Arantzarena bai zeurea, zulo handi bat uzten dau gure bizitzan, baina ziur naiz, zauden lekutik jarraituko gaituzula, Euskal Herriko berrien gainean egongo zaretela, eta gauez zerura begiratzean, bi izar elkarrekin ikusten ditudanean zuek izango zaretela. Maite zaitugu, maite zaituztegu. 

Search