Jon Ijurko Esnaola

Agur eta ohore, Jon!

Zure izena entzun nuen lehen aldian gaztetxoa nintzen... umea ia, eta zera pentsatu nuen: Borrokalaria, atxilotua... eta apaiza! Ordurako gure inguruetan horrelako batzuk baziren hala ere.

Urteak pasata ezagutu zintudan eta agurtu ere, bainan 2002tik aurrera izan nuen zu ezagutzeko benetako ohorea. Urte gogorrak ziren horiek ere eta famili eta lagunen atxiloketa eta espetxeratzeak tarteko, Etxerat gertutik ezagutu nuen. Handik gutxira zu ezagutzeko parada ere izan nuen. Urte luzeetan eta askotan etsipenari aurre egin nahiean, gogoratzen naiz nola senideen gune nazional batean (800 preso eta ehundaka iheslari ziren garai hartan), aurre egiteko ezinbesteko pausuak eman behar zirenean, zuk esan zenigun esaldi borobila hura «galtzen den borroka bakarra egiten ez den hura da».

Esaldia ez da zurea izango bainan han giñen guztientzako oso lagungarria izan zen.

Hitz xumeak, goxoak, bainan tinkoak erabiltzekoa ziñen, eta guztiontzat argi izpi izan ziren garai ilun haietan. Elkar ikusi genuen azken aldian ere hantxe zinen Eibarko plazan, pentsionisten mugimenduarekin, txirrinduan, Euskal herritik barrena egiten ari ziren birari ongi etorria ematen.

Bizitza osoan borrokaren eredu, horrelakoa izan zara, B. Brechek esan zuen bezela «ezinbestekoak diren hoietako pertsona izan zara».

Mila esker zure bizitzaren zatitxo bat konpartitzeko aukera emateagatik. Beti arte Jon.

Search