Edorta Agirrek, Pirata talde baten izenean

Alkateak, lehengo lepotik burua. Piratak, pirata

Tradizio labur batean, Kantujira osatzen dugunok Udaletxera gerturatu izan gara, Donostiako agintariari konnibentzia minimo bat adierazteko, edo. “Begiak parrez parre” kantuari umore giroko bertso ezagun bat erantsi izan zaio: “Quisiera ser alcalde Donostiyakua…”.

Aurten ez. Pirata batzuek erabaki dugu nahikoa dela, agintari horiek ez duzuela merezi gure jai giroko bisita, guk eskainitako bizipoz horren truk hauek jaso ditugulako, gutxienez:

- prezioak geroz eta garestiago, lur-espekulazioaren ondorioz (horrela, adibidez, gazteek alde egin beharko dute eta umerik ez da jaioko Donostian);
- Euskal Herrian xentimorik utziko ez duten hotel luxuzkoen eta gainerako turisten mesedetan, oinezkoen eta ibilgailuen trafikoa galaraztea (okerreko erabakiak hartu eta dimisiorik inortxok ere eman ez);
- epeak behin ere betetzen ez duten herri lanak hasi, hasi, hasi… eta bukatu ez;
- herritarrak patrikatik ordaindu beharreko zergak hauteskundeak pasa berritan igotzea (Culinary enpresa pribatuari beste opari bat egiteko edota Loiolako lurrak erosteko, geroago espekulatzeko izango direnak);
- euskara eta euskaltzaleak zokoratzea (Laboa edo Txillardegi bezalako pertsonaiak, bazter ilun banatara kondenatuak) erdaldunen mesedetan;
- Zubietako Zabortegiaren irregulartasunak eta legez kanpoko jokaerak isilpean pasatzen uztea…

Ikusi al duzue turismoak ehun urtean zer utzi duen Lapurdin? Herritarren aurretik, lehentasuna diruari ematen diozue den-denetan. Beraz, herritarra maite ez baduzue, ez zaitezte harritu herritarrak zuek arbuiatzea.

Hurrengoan, zintzo jokatzen baduzue, ikusiko dugu zer egin.

Search