Antonio, utzi zenigun hutsunean etsi ezinean
Antoniotaz mintzatzea oso gustukoa izanik ere, hitz gutxitan agurtu nahi genuke apalki lurretik. Aberri eta Pazko Eguna, biak batean uztartzen zituen Antoniok. «Nik euskal Aberri Eguna biziki gogoratu izan dut eta zer esanik ez Pazko Eguna, niri ere egunen batean iritsiko zaidana».
Hutsune nabaria sentitzen dugu une honetan. Zure nortasuna eta gaitasuna politikoak eta egoera politikoak libreki aztertzeko idazkera gozoa, zuzena, aberatsa dotoreziaz moldatua zenuen. Pertsona zenbat eta bertutez beteagoa izan bere falta ageriago jartzen da. Politikoei bereziki zuzentzen zenizkien eztenkada finak falta zaizkigu.
Gustora sentitzen zen GARA egunkarian. Martxoaren 24an idatzi zuen azken artikuloan, azken orduak gainean zirela «premonitorio» gisan Sanchez jaunari pentsarazteko moduko eztenkadak zuzendu zizkion. Presidenteak esandakoa: «No hay ideologias politicas ni territorios frente al virus. Debemos ser el gran país que somos, con el Gobierno de España liderando el conjunto de las administraciones» Antonioren erantzuna: «Hori da ideala? Diktadura guziak bezelatsu gorra, landugabea, lakarra» Eta azkenean honela errematea: «Señor presidente. Miéntanos, pero no nos engañe» hitz bien arteko bereizketa sakona eginaz. Gezurretan aritzea politikoen odolean doan zerbait dala dirudi baina «ni horretatik defendatuko naiz, engainatzailea izatea ordea barkaezina da».
Bere idazkiak mamitsuak ziren. Inteligentzia zein sentimenduak asetzeko paregabeak zirela aitortu beharra dugu. Antoniok, marxismoaren eta kristautasunaren muina, etenezinezko sintesian eta bizitzaren ardatzean uztartu zituen. Bata zein bestea dotoreziaz jantzita, alferrikako arropa zaharrez estaltzeke ulertzen zuen. Uztarketa horretan aitortzen zuen «kristautasunak berebiziko indarra eta hilezkortasuna ezartzen dio marxismoari»
Euskal Herria osotasunean barneratzen zuen: euskara, ohiturak, izaera, nortasuna eta zer ez, benetan maite zuen. Independentzia, subiranotasuna bere ideologia ordenatuan oinarritzen zuelarik.
Kultura esparru oso zabala, kazetari bizkorra, emankorra. bizia, jantzia eta gozoa. Botereen aurrean egia zuen jo muga engainatzaileak gorrotatuaz. Sortzen zuen guzia ontasunez barreiatzen zuen. Egun batean Antoniorekin tertulietan parte hartzen zutenei entzundakoa, «Antoniok txanda, hitza noiz hartuko desiratzen izaten gara, bere etorria eta arrazonamendua sekulakoa izaten zen!».
Antonio, gehiago luzatzeke zera diotsut, euskaldunok pribilegio eta ohore handia izan dugu gure lagun, adiskide eta zerbitzari leiala izan zarelako. Esker on onez zure arbola enborrean txertatuta zenituen adarretatik mota askotako fruituak jaso ditugu eta bide batez, gerizpe,itzal osasungarria ere bai, emozioz. Esker Mila. Ikusi arte.