Argi izpi ttipi bat
Eguna goibel dago, ilun. Goizean goiz haizeak zuhaitzen adaburuak samurki laztandu ditu. Dantzaldi neurtua zeramaten; alde batera eta bestera, musikaren erritmoak gidatuko balitu bezala. Une batetik bestera, haizea zakartzen hasi da. Zurrunbiloak sortuz bidean topatzen duen oro aztoratzen ari da, jira eta bira. Euria dakar.
Amona Matti logelako leihotik begira dago. Etxeko barla besterik ez du ikusten. Bailarako mendiak urrun dira, urrunegi. Begirada galdua du. Ibon txikia ikusi du jolasean, lore-sorta ederra biltzen ari da, amonarentzako opari. Bat-batean begiak argitu zaizkio. Ilobarekin udako arratsalde gozoak pasatzen zitueneko irudiak bizi-biziak dira, benetakoak. Etxeko atarian, ordea, ez dago inor. Eskuz zizelkatutako egurrezko eserlekua hutsik dago. Aitonak gazte-gaztetatik zura lantzen erakutsi zion. Mattik gogoan du zenbateko lilura erakutsi zuen Ibonek esertoki hori egiteko. Lanean ari zela harrotasunez adierazten zuen: «Aitonak opari ziezadakeen dohainik ederra irakaspen hau izan da».
Matti zeharo ahul dago, ahulegi. Gau latz hartatik gaixotasunak hartu du. Egunetik egunera bizia galtzen ari da, usteltzen den lili eder baten antzera. Nahigabeak amildegira darama. Barneko saminak arian-arian eritu du. Denbora luze pasa da Ibon bere ondotik eraman zutenetik, urteak, alegia. Iloba gaztea zen, oso. 24 urte besterik ez zuen. Alaia eta kementsua zen garai hartan.
Amatxiak ongi gogoratzen du haren aurpegiak marrazten zuen irribarre eztia. Mutil ziratsa zen Ibon, berarekin erraz maitemintzeko modukoa. Kuraiak, aldiz, hobeto ezaugarritzen du. Gaztaro guztia gatibu egoteak, halabeharrez, edonor adoretsu bihurtzen du. Horrek betetzen du Matti. Ez du Ibon ikusteko paradarik izan. Bere gorputz ihartuak aspaldi galdu zuen bidaia luzeak egiteko gaitasuna. Halere, jakin badaki oldartsu ari dela aurrera egiten. Herrira itzultzeko nahiak asetzen du bere grina. Horrela erakutsi dio, bederen, hilez hil maitasunez idatziriko gutun guztietan.
Egunak amaigabeak dira zulo honetan. Espetxeak gu isolatzea du helburu, maite dugun oro lekutan izatea, eta, batik bat, sufrimendua eragitea. Horrek, ezinbestean, aktibatzera zaramatza. Hori edo burua galtzea, ez dago besterik. Neuk, jakina, bide hori hartzea erabaki nuen, eta askotariko gauzak egiteak izugarri betetzen nau. Oraingoan, soziologiako ikasketei heldu diet, eta kide batek lagunduta, frantsesa ikasten hasi naiz. Gainera, goizean goiz korrika egiten dut, eta gimnasioan ibiltzen naiz ariketa fisiko piloa egiten. Horrez gain, azkenengo paketean gurasoek sartu zidaten liburu baten mendean erori naiz. Ez dut aspertzeko astirik. Hori bai, zurekin elkartzeko gogoz nago...
Urte asko pasa dira Ibon ferekatu gabe. Logelako ikusmirak besterik ez du mantentzen bere esperantza. Horregatik, egunero, leihora gerturatu eta barlako eserlekua arretaz begiztatzen du. Orduantxe, oroitzapenak datozkio gogora. Gertu sentitzen du iloba. Berarekin partekatu dituen lipar amaigabeak behin eta berriz erreproduzitzen ditu bere buruak. Aurrera eta gibelera. Hondatutako disko zahar baten gisara.
Gaurkoan, atzera ere, goizean goiz esnatu eta etzalekuko leihora gerturatzeko asmoa erakutsi du. Ohetik altxatu ezinean dago, ostera. Gorputzeko muskuluek ez dute mugikortasunik. Uzkurtuta ditu. Mattik badaki bere unea heldu dela. Bortxaz erakutsiko luke askorengatik sentitzen duen gohaindua, baina ezin du. Gogoz adieraziko luke barnean ezkutaturiko minberatasun oro. Ozen oihukatuko luke derrigortua izan dela, banandua. Begiak ireki nahian dabil. Arnasestuka. Argi du azken hatsa heltzear dela. Amaiera da. Norbaitek horrela izatea erabaki du. Ahaleginik ez da egon. Horixe izan da. Mattik Ibonen bisaia besterik ez du buruan. Ustekabean, arnasketa gelditu da. Ez da ezer entzuten. Barealdia besterik ez. Ametsa bete gabe gelditu da, anabasan dilindaturik. Jada ez dio axola. Irudia aienatzen ari da. Lausoa da.
Baina, argi-izpi leun bat agertzen ari da, asago. Distira begitarte ezagun bat irudikatu nahian dago. Gardentzen hasia da. Ezinezkoa da. Oraingoan Ibon zinezkoa dela dirudi. Kimera hasi berri da. Eskua luzatu eta haren azala ukitu duela sentitu du. Begiak ireki ditu. Ezin du sinetsi. Begiak kliskatu eta kliskatu dabil. Ez daki non dagoen. Albo batera begiratu du, gero bestera. Ospitale bateko ohe xume batean etzanda dagoela ohartu da. Ohatzearen ondo-ondoan eserita dago Ibon. Bere eskua harturik du, laztan egiten ari da. Amatxia bisitatzeko baimena eman diote presondegikoek. Kilometro ugari egin behar izan ditu ezinegonean. Amona Matti hilik egotearen ideia hutsak unatu du bere pentsamendua, behin eta berriro. Azkenik, lortu du. Biak elkartu dira. Pozaren pozez daude, elkarri dioten maitasunaz gozatzen. Ibonek berri on bat du. Uda honetan askatasuna lortuko du 18 urte preso eman ondoren.