Julen Arrizabalaga González, Arrizabalaga González familia

Argizaiolaren heriotza ona

Aitaren familiaren etxeetan dauden argizaiolek beti eman didate yuyu pixka bat: duela gutxi arte, beldur puntu bat izan diot heriotzarekin lotutako sinbolo bat etxean edukitzeari. Argizaiola galzorian dago, baina garai batean, familia bat dolualdian zegoenean, auzokoek berea piztu eta haren hilobira eramaten zuten, argia piztuta mantentzeko eta familiari konpainia egiteko. Gustatzen zait pentsatzea argizaiolaren funtsak denboraren aldaketei eutsi diola.

Erabaki zail bat hartu behar izan zuen amak bizitzako azken faseari aurre egitean. Heriotza duina aukeratu zuen. Hori da eutanasia hitzaren esanahi literala: eu-thanatos, heriotza ona. Hala ere, badira une ilun eta hotzak bide horretan, eta kanpoko laguntza behar izan dugu. 

Egiako anbulatorioko eta Donostia Ospitaleko mediku eta erizainak izan ditugu bidelagun: zuek argitu eta epeldu duzue bidea. Guk argia mantendu ezin izan dugun uneetan egon zarete hor. Hasieran, laguntzeko prest egon ez zen batek haize hotzak ekarri zituen; zuek uxatu zenituzten. Azken uneetan, musikarekin goxatutako agurrean, gure alboan egon zineten. Beti eskertuko dizuegu, bihotz-bihotzez, egin duzuen guztia. 

Funtzio hori egiten duten pertsonak ezagutu ditudanean argizaiolak duen fama iluna galdu duela iruditzen zait; une ilunenetan argi hori beharrezkoa bakarrik ez, ederra ere baita. Bai XVI. mendeko elizetan, baita XXI. mendeko Osakidetzan ere.

Search