Karlos Aretxabaleta «Txapel» | Euskara irakaslea

Aritmetika

Ez naiz oso trebea matematiketan, ez naiz sekula izan. Hala ere, errespetu handia diot zenbakiak xehatzen dituen zientziari, sarri asko erabiltzen baititut zenbakiak oroimena lantzeko. Datekin, ordea, nahiko iaioa naiz. Nire buruak bizi izan ditudan esperientziak daten bidez ahokatzen ditu, puzzle baten piezak bailiran. Kasurako, 25 + 5 urte dira Ruandako Remera Rukoman (Afrika) jaio nintzenetik; 25 + 3 urte nire amak eta biok –Gerra zibila zela eta– handik hanka egin behar izan genuenetik; jadanik 25 + 1 urte dira Ruandako hamaika eta bat muino matxetez zein hildakoz bete zirenetik. Frantsesek Le pays aux mille collines deitzen zioten herrialdeari, kontuak atera.

Honezkero irakurlea konturatuko zen hogeita bost zenbakia nahiko berezia dela: bikoitia, mende edo ehuneko baten laurdena, bost zenbakiaren multiploa…etab. Bada, 25 urte dira nire aita Kigaliko kafetegi batean azkenekoz sartu eta aho bete hortz geratu zela. Bat, bi, hiru, lau… Amerikako Estatu Batuetako hogeita bost bat militar aurkitu zituen kafea hartzen, lasai asko; non eta Tutsi eta Hutuen herrialdean, kafetegi zikin batean. Ez dut gehiegi gogoratzen garai horretaz. Aita, ordea, asaldatuta bueltatu zen Euskal Herrira. Ez dut gehiegi galdetu etxean, izan ere, bizitza eten egin daiteke batek gehiegi gogoratzen badu horrorea. Uste dut Roméo Dallaire Koronela (NBE) eta nire aita kondenatuta daudela amesgaiztoak izatera betiko.

Zenbakietara bueltatuz, urteotan aplikatu dudan formula hau erabilgarria begitantzen zait garai hauetarako ere. Esaterako, 25 – 1 urte dira Siriako edo gasaren gerra hasi zenetik, eta 25 – 4 urte mendebaldeko potentziek Libiako bolborategiari sua eman ziotenetik. Aita eta biok Damasco zein Tripoli hiriburuetara hurbilduz gero, AEBko eta Errusiako soldaduz beteriko kafetegiak aurkituko genituzke, seguru asko.

Gurean ere, zoritxarrez, 25 + 15 urte bota dizkiote euskal preso bati baino gehiagori, nahiz eta eragiketa aritmetiko horrek gutariko asko errorera eramaten gaituen; tamalez, jakin badakigu Madrilen Kaosaren teoria maite dutela.

Orain bogatan da aldaketa klimatikoari eta teknologia berriei buruz hitz egitea. Bada, zelan egongo gara 25 + 25 urte barru? Eragiketa kalkulagailurik gabe egiteko gai baldin bagara gaitz erdi.

Search