Alain Solupe

Arrasateko umeak eskola huts batean

Duela urte eta erdi hasi ziren Arrasateko Herri Eskolako lehen hezkuntzako eraikin berria eraikitzen. Urte askoren ostean azkenik ametsa egia bihurtzen hasi zen. Ilusioz hartu genuen notizia, borroka luze baten ondorioz Arrasaten Hezkuntza Publikoa indartuko duen eraikin berri bat irekiko da, eta gaur egungo leku faltaren arazoa arindu eta eskaintza publikoa handituko eta hobetuko da. Nahiz eta gure seme-alabek urte t'erdi honetan patioaren heren bat bakarrik erabili ahal izan duten, obrako zaratek inpaktu haundia izan duen, eta maisu-maistra, ume eta familien egunerokoan aldaketak eta deserosotasunak ekarri dituen, eta nahiz eta kurtso amaiera honetan umeak prefabrikatu zahar batean duten jangela eta psikomotrizitate gela gabe geratu diren, obra aurrera eramateko ordaindu beharreko peaje bat izan behar dela onartu dugu. Sakrifizioa egiteko prest azaldu gara bai familia eta bai maisu-maistrak nahiz eta ikasturtea baldintza prekarioetan igarotzen ari den.

Obra martxa onean doa eta uztailean bukatuta egotea espero da emandako hitza beteaz. Datorren ikasturtea hasteko eraikina prest egongo da azkenean! Eraikina bai, baina barruko altzari eta materialak? Ez! Hezkuntza Sailak apirilan jakitera eman duenez, ez ikasle ez maisu-maistrek ez dute prest izango hornikuntza berria. Zergatik? Hezkuntza Saila-ren arabera, dirurik ez dagoelako izan da. Ondoren «akats» batengatik hornikuntzaren erosketa esleipena atzeratu dela esan digute, eta ondorioz ezingo da eraikin berria bete. Ze irtenbide ematen du Hezkuntza Sailak? Ba egungo eskolako material zaharra, 40 urte luze dituen material zaharkitua, eramatea eraikin berrira, eta berria iristen denean (iristen bada, gure zalantzak ditugu) poliki poliki aldatzea. Hezkuntzaren ardura Erguin, Bedoñabe eta Musakola eraikinetan dagoen materiala berriztea izan beharko litzateke eta ez Musakolako eraikin berria material zaharrez hornitzea. Honen adibide Erguin eraikinean ikasturte honetan Hezkuntzatik ez baitugu agindutakoa jaso.

Onartezina deritzogu Hezkuntza Sailaren utzikeriagatik eskola berri bat material zaharra berrerabiliz martxan jarri behar izatea. Ez al zen inor konturatu eraikin berri bat barrutik hornitu behar zela?

Akaso ikasleek ez dituzte mahai, aulki, pantaila, arbela, armairu etab. Behar? Akaso maisu-maistrek ez dituzte ordenagailuak, mahaiak, apalak etab. Behar?

Dirurik ez dagoelako izan edo «akats» batengatik atzeratu izanak garbi erakusten du nora bideratzen diren Hezkuntza Saileko baliabideak, beste interes batzuetara. Baliabide guztiak publikora bideratuta egongo balira, ziur aski beste egoera baten egongo litzake gure sistema publikoa.

Eskola komunitatea ez gaude prest ikasturte hasieran egoera prekario baten hasteko. Egoera hau onartezina da.

Eraikin berria 2025/2026 ikasturtea hasi aurretik era egokian hornitzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.

Gora eskola publikoa!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search