Aukeran zein?
Urriko azken astelehena, jaieguna Gernikan. Euskal Herrian hamaika ospakizun badira ere, gaurkoa berezia dela esango nuke. Euskaldun mordoa izango da bertan. Gehienak azokara joateko aitzakia zeharo ahaztuta, txakolinaren zein garagardoaren atzaparretatik ezin ihesi ibiliko dira. Neuk, ordea, ez dut bertaratzeko paradarik izan. Etxeko gozoan nagoela, leihotik begiratzeak idaztera bultzatu nau. Nola ez ba? Agian, etziko azterketa istant batez ahaztu nahiak gidatu nau. Batek daki. Ikusitakoak, baina, nire eginbeharra ezinbestean gelditu du. Eta irudi soil batek, hots, errealitatearen pertzepzio soil batek nire barneak erabat aztoratu ditu. Nola ez, ba?
Mozorroturiko bi ume agertu dira nire etxe ondoko kalean. Bat-batean amak gelditzeko esan omen die. Bira eman eta sakelakotik bidaltzeko argazki dotorea egin die. Eta, jakina, hirurak poz-pozik joan dira. Harrigarria dirudi, baina Gernikan baserritarren ohiturak, eta, hortaz, gure herrikoak ospatzen ari diren bitartean, Portugaleten, eta zoritxarrez Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere bai, erabat alienatzailea den Hallowen bilakatu da gaur protagonista. Zertan ari gara ba?
Hausnarketa bai. Horixe da gizarteak halabeharrez behar duena. Euren herriko jaietan Euskal Herritik kanpo joan ohi dira; "lasaitasun" bila, antza. Horiek, gaur mozorroa jantzi dute, eta atseginez, gainera. Guztiok gogoko dugu noiz edo noiz gure izatea eraldatzea bestelako itxura nahiz izaera dugula sinesteko; tarte batez, bederen. Ez gaitezen nahas. Batzuek gurea, hemengoa onartu ez eta atzerrikoa azturatzat dute. Ez izan inozo. Kultura alienatzaileak aspaldi jantzi zuen mozorroa gu eredu «gozoekin» limurtzeko asmoz. Bada, nora joan ote zaigu pentsamendu kritikoa?