Bakanetik haratago
Herrikoitasun sendoak bere sakonera biltzen du hain gogoko dugun distira, batzuetan itsutzen gaituen azalkeria, agian gehiegitan itsutzen gaituena. Bizi dugun gizartean ia dena itxurari lotua edo zuzendua dago. Kontuz azala! Azala zaintzarekin batera ximurrak maitatzen ikasi eta barnea hornitzen arduratu ez ezik, ez ote gabiltza biharko etsipena lantzen?
1960ko ereite hamarkadan abertzale asko eta asko eman zuten beraien hoberena herri gogoa esnatu guran. Bakoitzak bere arloan, debeku eta zigortze modu guztiei aurre eginaz.
Azken urte hauetan ekarpenak, batzuk guztiz azpimarragarriak, eskertzeko ordez euskaldun askok sarri iraintzen dituzte. Madrilek eta hemengo hangotiarrek gogor gaitzesteaz gain, euskaldunoi berdin egiteko eskatzen digute. Menkoi diot, «eskuartzale» hitza gogorregia iruditzen zaidalako. Ba ote da ezetzean oinarritzen ez den baieztapenik?
Iragan astean bat, herenegun beste bat, garai hartako lagunak badoaz. Batzuk adin politera helduak, asko nahiko gazterik. Militante kide bat hil dela jakiten dudanean, nire gogoa hodei batek hartuta bezala eramaten du alde hartako inguru, giro eta bizipenetara bete-betean.
Aurrez ondo hautatutako hormetan, «religión=opio» azpian ETA jarriz idazten genuenak eragina zuela konturatzean, etsaiak berehala asmatzen zuen: «Erlijioa ez baditek nahi, saka opioa, heroina, kokaina». «Futbol=opio» idatzi ondoren luzapen handirik gabe izaten genuen etsaiaren erantzuna: «Futbola ez ditek gure, saka futbola, saskibaloia, Antonio Molina eta Manolo Escobar gehiago, Zumarragako trikitilari karrankalariak baino hobeak dituk-eta» (1960ko hamarkadaren hasieran gaude, «más España» eta «solo España» zen aldi hartan).
Beharrik sortu zuten Ez Dok Hamahiru, gure desertu kulturala polikiño ureztatu ziguna. Geroztik, estropezuka bada ere, bide luze eta ederra egin dugu, (hemen dator «baina» malapartatua) baina orduko abertzaleon elkar ulertezinak bete-betean diraute. Zubitik ez bada uretik gainditu behar genukeen lehen erronka da. Dioguna harriek ere badakiten arren, esan beharra sentitzen dut.
Delako hodeiak bertaratzen nauenean, nire bihotzeko oihantxoan zuhaitz berri bat aurkitzen dut, bere azalean norbaiten izen eta abizena garbi idatzita duela. Hala gertatu zitzaidan Juan Mari Galparsoro “Txato” oñatiarra zendu zela jakin nuenean, 2015eko martxoaren hondar aldera.
Militante emankorra eta oso herrikoia genuen Juan Mari. Oñatin bezain herrikoia Lapurdin bizi izan zenean. Gezaltzako Jone eta sendiari goraintzi.