Bakarrak, hoberenak
Hauteskunde kanpainan gaude bete-betean azken egun hauetan eta, hainbat eta hainbat hautagairi, hauexek dira entzuten zaizkien esaldiak eta esamoldeak, besteak beste: «gu gara bakarrak...», «gu gara hoberenak...», «gurea da alderdi bakarra...», «gure alderdia da hobekien...», «Nafarroa ukiezina da», «halako gaia aldaezina», «
Espainiako konstituzioa sakro-santua da», eta abar eta abar.
Egia esanda, niri esapide horiek guztiak oso desegokiak iruditzen zaizkit: arrunt harroak eta hagitz zoritxarrekoak. Gainera, ez dut salbuespenik egiten. Kasu guztietan iruditzen zaizkit zorigaiztokoak, alegia, berdin zait alderdi batek esatea, edo beste batek esana izana, edo koalizio batek, edota, baita nire botoa jasoko dutenek esaten badute ere. Eta, zergatik iruditzen zaidan gaizki. Bada, hitz horiekin, nire ustez, ukatzen direlako aniztasuna, dibertsitatea, pluraltasuna, ezberdintasuna, ideia-aberastasuna, eta abar. Esan liteke, era horretan hitz eginda, esaleak hartzen duela kutsu baztertzaile, totalitarista, larderiatsu, esklusibista, behartzaile, eta abar, eta nire ustez, horrek ez dio batere mesederik egiten ez hautagaiari, ez alderdiari, ez koalizioari, ez eta inori ere.
Pentsatzen dut, ideia horiek guztiak helarazi ahal direla beste modu txukun eta dotoreago batez, esate baterako, mota honetako esaldiak erabilita, hau da, «aukera ona duzue...», «hautabide aparta da...», «abagune polita daukazue...», «parada egokia izanen da...», «egokiera bikaina duzu...», eta abar eta abar. Baina, ez hainbeste aldiz superlatiboak baliatuta.
Eta bukatzeko, hona ekarri nahi ditut azken egunotan entzun ahal izan ditugun bi perla "eder". Lehenengoa, UPNko Javier Espartzak esana: «UPNk erabakiak Nafarroan hartzen ditu». Horrela balitz, zergatik eskatzen dio gero laguntza Madrilgo Gobernuari, 14 edo 15 Foru Lege atzera botatzeko? Eta bigarrena, Espainiako ministro batek Araban ziurtatutakoa: «guardia zibilak sekula santan ez dira joanen Euskal Herritik!». A, bai? Baieztapen hori egitea ez al da ausartegia? Ministro horrek nola daki zer gertatuko den Euskal Herrian hemendik 10, 50, 100 edota 1.000 urtera, segurtatzeko guardia zibilak hemen geldituko direla betiko?
Hitz batez, jakina da, esaera zahar batek dioen bezala, ezjakintasuna ausarta dela. Iruditzen zait pertsona guztiek izan beharko luketela apalak eta umilak, eta, politikariak eta hautagaiak ez dut uste salbuespena direnik.