Behiaren heriotzaren ikerketa publikoa
Abaltzisketako alkateak, Jon Zubizarretak, beste behin Aralarren gertatzen den guztia pisten kontuarekin lotzen jarraitzen du.
Zubizarreta jauna: ez dugu mendian armekin ibiltzen den jendea atsegin, ezta makinak hondatu, txabolei su eman, haginak atera, sastrakei su eman, abeltzaintza edo ikerketarako azpiegiturak suntsitu edo besteen abereak hiltzen dituen inor ere. Kontu guzti hauek argitzea eta errudunak aurkitzea beharrezkoa dela uste dugu, baina mesedez ez nahastu Aralarren egon daitezken gatazka posible guztiak pisten kontuarekin. Ta zure behiaren heriotzari dagokionez, heriotza eragindakoa izan dela baieztatu beharko litzateke.
Aralar Biziriken beti adierazi dugu abeltzainak ezinbesteko direla goi larreak mantentzeko, beti ere oreka batean eta posible dela ingurumenean kalte larriak sortu gabe jardutea. Beraz beste behin esaten dugu «Aralarren alde» lan egiteko bertako erabiltzaile guztiak kontutan hartu behar direla, beti ere Natur parkearen legedia aintzat hartuz. Hori da hain juxtu oreka eta «Aralarren alde» egitea, inor atzean utzi gabe eta Aralar kaltetu gabe.