Izaskun Urizabel, Jon Ugarte, Joxe Ruiz, Idoia Bollar | Oñatiko Naturzaliak

Belatz handia tirokatuta Oñatin

Apirila bukaeran belatz handi bat agertu zen zaurituta Oñatiko San Martin hariztiaren inguruan. Horrelako kasuetan ohiko denez, Igeldoko Arrano etxera eraman zuten, aztertu eta ahal izanez gero osatu eta ondoren askatzeko asmoz. Zoritxarrez laster hil zen, gorputzean perdigoi ugari baitzituen, egun gutxi batzuk lehenago jasotako tiro baten ondorioz.

Belatz handia (Falco peregrinus) espezie babestua da (bakana edo arraro moduan jasota EAEko Babestutako Espezien Zerrendan), eta itxura guztiz, intentzio osoz botatako tiroa izan da. Eskopeta bakarrik ehiza garaian erabil daiteke, udazken-negu partean, eta bakarrik espezie ehizagarriak botatzeko.

Oñatiko mendietan belatz handi bikote bakarren batzuk umatzen dute urtero-urtero. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean, bai Araba aldean, bai Gipuzkoan ikus edo entzun daitezke bikote batzuk, batez ere orain, umatze garaian. Dagoeneko belatz txitak jaio dira eta gurasoak jo eta ke ari dira ehizan txitei jaten emateko. Eme hau hilda, bere bikotea ahaleginduko da txitak aurrera ateratzen (2-4 txita oro har). Oraindik garai hotza da eta arrak ezingo ditu berotu txitak, ehizan aritu beharko baita.

Belatz handiak  batez ere usoak, birigarroak eta txoritxoak ehizatzen ditu. Eta herri eta hirietan ere ikusten da bertako hegaztien atzetik. Ehiztari aparta izan arren askotan huts egiten du bere saiakeretan. Txitei jaten emateaz gain, hauei ehizatzen erakutsi behar die. Ez du lan makala! Zaila izango da kumaldia aurrera ateratzea eta litekeena da kume guztiak hiltzea.
Babestutako Espezie bat akabatzea delitua izan daiteke eta zentzu horretan 2014an Donostian belatz handi bat tirokatu zuen gizon bat zigortua izan dela. Oñatiko kasuan ez da erraza izango tirogilea aurkitzea, nahiz eta basozain zein ertzainak saiatuko diren. Ikas dezagun zer dugun gure etxe inguruan eta berau errespetatzen!

Search