Xanti Begiristain Madotz | Auritz

Beltran, Txibite eta Espartza

Badakigu zuek, Ana Beltran, Maria Txibite eta Javier Espartza, segur aski, ez duzuela izanen Pedro Miguel Etxenikeren antzeko adimen koefizientea, ez da erraza, holakorik ez du edonork izaten, baina, hala eta guztiz ere, jakiteko Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean zein diren inposatzen diren hizkuntzak, ez da asko behar, hau da, ez da behar oso adimen koefiziente handirik, alegia, Iparraldean pertsona guztiek ikasi behar izaten dutela frantsesa nahi eta nahi ez, behartuta daudelako, hots, Frantziako konstituzioak inposatzen dielako bere ondorio guztiekin, eta, berdin-berdin gertatzen da Hegoaldean espainierarekin, hau da, denok ikasi behar izaten dugu Cervantesen hizkuntza nahitaez, Espainiako konstituzioak horrela inposatzen digulako, guri ere bere ondorio guztiekin. Estatu hauetako gainerako hizkuntzak ez gaude behartuta ikastera eta jakitera, eta horren adibiderik hoberena zuek zarete, Ana Beltran, Maria Txibite eta Javier Espartza, Nafarroan bizi zarete eta inork ez zaituzte behartu euskara ikastera, inork ez dizue inposatu, begira, hor zabiltzate egunero Nafarroako kaleetan eta Parlamentuan euskararik jakin gabe eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez zaituzte espetxeratu, ez eta isunik jarri ere, orduan, zein inposizioz aritzen zarete zuek egunero-egunero halako gezurrak esaten dituzuenen? Bai, gezurrak, bai!, zeren eta gezurra baita esatea pentsatzen den kontrakoa, eta, nahiz eta zuen adimen koefizientea beharbada ez den izanen oso-oso distiratsua, ziur dakigu denok horrenbeste badakizuela; beraz, hainbeste astakeria, maltzurkeria eta aldrebeskeria esateko behar dena horixe da, alegia, asmo txarra, gogo txarra eta gorrotoa Nafarroako euskaldunon aurka.

Euskara, ez, seguru asko ez duzue asko gorrotatuko, ez duzuelako ongi ezagutzen, eta, jakina da, zerbait edo norbait maitatzeko edo gorrotatzeko, lehendabizi ezagutzea ezinbestekoa dela. Euskara ikasi eta hobeki ezagutuko bazenute, baharbada maitatuko zenukete, bestela, ez, ezinezkoa da, ezin duzue inor engainatu.

Hortaz, ba, Beltran, Txibite eta Espartza, aski da, ez esan haibeste gezur!, zuek zeuok ere ezin baitituzue sinistu. Adimenez motzak izan ahalko zarete, baina haibeste ez!

Ana Beltran, Maria Txibite eta Javier Espartza, ez jarraitu gezurretan, Jesu Kristo berbera aspertzen baituzue eta belarria ikusten zaizue!

Search