Juan Luis Mugertza

Berangoko euskalki berria

Sasoi batean bai, antza, baina egun ezin esan dezakegu Berango oso euskalduna denik. Hala ere, eskertzekoa da noiz edo noiz euskararen erabilera indartzeko, banaka batzuek, egindako lan eskerga. Izan ere, Sabino Arana kaleko atarietan, lanak direla eta bertako auzokideak jakinaren gainean jartzeko hizkuntza bietan idatzitako oharretan oso nabarmen antzematen da zer nolako asmoa eta nahia duten euskararen musika gure belarriek goza dezaten. Dena den, badago atentzioa eman didan gauza bat, hots, ez dute euskara batua erabili, bertako «euskalkia» baizik, eta ez dakit, bada, horrek euskara ikasi nahi duen horri mezua ulertzen lagunduko dion. Ene ustez, filologoei, hizkuntzalariei, begira idatzi dute, Berangoko galzorian dagoen euskalkiaren lexikoa eta aberastasuna azter dezaten. Bestela, ezin da ulertu. Oharra: Euskara ikasten ari bazara, otoi, badaezpada, ez irakurri. Eta besteok… poliki, ulertzea ez baita oso erraza: «Kale Arana Sabinoaren lanen hasieran arrazoiagatik. Prohibe-a seinaltutako zonan aparkatzea (16 Zenbakira Arte Nª 2-etatik aldea bikoitia). Orduak lehen tartearen lanetako amaierarainoko/helbururainoko azaroaren 27, Asteleheneko 08:00-etatik». Bukatze aldera, nik horrelakoei, orain arte bezala, amorerik ez emateko eskatuko nieke, eusteko lan gogor horri, bertako euskaldunok egindako lanaren tamaina, beti, estiman izango baitugu.

Search