Besarkatu nahi eta ezin
Joan den ostiralean hilak 17, pozarren pozez hasi ginen motxila prestatzen gure arreba-izeba bisitatzera joateko, Cordobako espetxera. Bokatak, mantatxoa, paperak eta abar. Prestatu eta 20:30ak alden atera ginen etxetik Gasteizera, ni, Joseba Egues Gurrutxaga eta gure alaba, Maren Egues Belauntzaran, Mirentxin furgoneta hartzera, Cordobako espetxera eramango gintuena hain zuzen.
Gau osoa karreteran eman ondoren, goizeko 7:30ean iritsi ginen Cordobara, kafetegi batean gosaldu eta goizeko 8:30rako espetxe aurrean ginen ilusioz beterik, nola egongo da izeba, eskolan izugarrizko notak atera ditudala esango diot aita, udako planak kontatuko dizkiot eta abar luze bat nuen izebari kontatzeko.
Baina gure ilusioak, poza, irrifarrak eta… ez zigun asko iraun, bata bestearen atzetik trabak jartzen hasi zitzaizkigunean bertako funtzionarioak.
Guraso bion baimena behar omen du Marenek adin txikikoa delako, esan nien lehendabiziko aldia zela agiri hori eskatzen zigutena, ez nekiela zertaz ari ziren, gure alabak hainbat espetxe ezagutu dituela eta milaka kilometro egin dituela, bere izeba Ana ikusteko, hala nola, Soto del Real, Avila, Castellon, Huelva, Algeciras, eta ez digutela inoiz paper hori eskatu. Espetxeko agiri bat da omen da, guraso biak batera espetxean bertan bete beharreko agiri bat.
Beno ba, espetxeko zuzendaritzarekin hainbat gestio egin ondoren, espetxe aurrean geratu ginen, ezin izan genuen bisitatu gure arreba-izeba maitagarria 850km egin eta gero.
Karreteran pasatzen ditugun arrisku guzti hauetaz aparte, zigorra jasaten ari gara senideok eta lagunok. Gure senide, Ana, azken sei hilabeteetan, Cordobako espetxean zigortuta dute, duela lau hilabete amaren heriotza dela, eta bere etxera, etortzeko dagokion eskubidea ere ukatu egin diote, bere aita eta anaia bisitatzeko, nola gehio uka daitezke euskal preso politiko baten eskubideak?
Ana Belen Egues Gurrutxagak beste euskal preso politiko asko bezelaxe, muturreko egoera bizi du Cordobako espetxean, horrelako egoera gordina, samina eta mingarriak bizi dituzte eguna joan, eguna etorri, Estatu españoleko zein Frantziako espetxeetan.
Legeak dio etxetik hurbil egoteko eskubidea dutela euskal preso politikoak, noiz arte km-k eta km-k egiten gure bizitza arriskuan jarri behar ditugu?
Noiz arte giza eskubideak urratzen eta zapaltzen euskal presoei eta senideoi?
Hurbil, etxean eta bizirik nahi ditugu gure senideak. Aski da!!!