Jon Alonso, Gaizka Aranguren, Mikel Los Arcos, Mikel Diez de Ultzurrun, Patxi Zenikazelaia, Gerardo Hurtado, Fernando Zabalza, Iosu Chueca eta Aitor Pescador

Bixente joan zaigu

Duela aste gutxi zendu da Bixente Serrano Izko, Nafarroa Garaiko ezker abertzalearen eta politikaren lehen mailako mugarria.

Bixente ETAko kide izan zen. Erakunde armatuko kide izateagatik atxilotu eta espetxeratu zuten. Segoviako kartzelatik egindako ihesaldiaren protagonisten artean izan zen.

1977an, Iruñeko tren geltokian, harrera jendetsua egin zitzaion egunetik, bere erreferentzialtasun politikoa ukaezina izan zen.

Lehen garaiko EIAko eta EEko militante esanguratsuena izan zen Nafarroa Garaian. Alta, Euskadiko Ezkerrak PSOErantz hartu nahi zuen bideaz ohartarazi zituen inguruko aunitz. Hortaz, militanteak eta sinpatizanteak beste norabide baterantz begira jarri zituen. Horrela sortu zen Auzolan.

Ez zuen Nafarroa Garaiko Parlamentuan sartzea lortu. Auzolan hautagaitzarekin aurkeztu zen garaian %5eko langa gainditu behar zen Parlamentuan sartzeko eta 3,14an geratu zen. Gerora, Euskadiko Ezkerra sar zedin, hain zuzen ere, %3ra jaitsi zuten langa.

Azken urteetan hartu zuen ibilbide politiko-ideologikoarekin (Madrilgo kongresuraino eraman zuena) konforme egon edo ez, Bixenterekin politikaz solastea beti zen interesgarria; jarreraz umoretsu, apal eta zabala baitzen, hainbestetan kutsatu gaituen sektarismotik urruti.

Lehen mailako erreferente kulturala ere bazen euskaltzale eta literaturzaleentzat. Hor dago historialari moduan egin zuen ekarpena eta pentsalari edo saiakera-egile gisa egin zuena ere, euskararen historiarako geratuko diren sententziak barne: «Nor bazara, ez zara inor».

Ez dakigu inor izan zinen, baina gu bai gaur gutxiago garela.

Ez adiorik, Bixente.

Search