Eba Gaminde Egia, Mungia

Bokazioa plantan, erreklamazioak kalean

Zuzendari agurgarria. 

Duela astebete nire amari belauneko protesia jarri diote Urdulizko Ospitalean. Dena bikain joan da. Lerro hauen bidez, bertako lantalde osoari, batez ere bigarren plantako mediku, erizain, laguntzaile eta garbitzaileei nire eskerrik beroena helarazi nahi diet erakutsitako profesionaltasun eta gizatasunagatik. Une zailenetan, tratu hurbil horrek ez du preziorik. 

Horrekin lotuta, greba egun hauetan bizitako errealitateak gogoeta egitera behartzen nau, bereziki langileen aurkako mezu itsusiak entzun ondoren. Gizarte moduan konturatu behar gara grebaren ondorioz sistema kolapsatzen denean (amaren ebakuntza ere atzeratu zen aurreko grebagatik), gure haserrea ez dela joan behar euren onena ematen duten profesionalen kontra, Osakidetzako kudeatzaileen kontra baizik. Langileak ez dira egoeraren errudun, biktima baizik. Euren kontra edozer esaten dugunean, norbait molestatu al da euren erreklamazioak entzuten edo lan-baldintzak benetan ezagutzen? Uste dut ezetz. 

Medikuek, erizainek eta osasun-langile guztiek bokazio eta zorroztasun handienaz lan egiten dute, eta, nekeak neke, gelara sartzean irribarre bat eskaintzeko prest daude beti. Baina norbaitek uste al du mugarik gabe iraun dezaketela baldintza kaskarretan? Zaintzen ez baditugu, esparru pribatura joango dira, edo kanpora. Nire susmo eta beldurra da eredu amerikarra kopiatu nahi dela: osasuna dirua duenarentzat soilik bermatzen duen sistema klasista bat. 

Bokaziorik handienak ere baditu bere mugak lan-baldintzak duinak ez direnean, eta ez gara horretaz konturatzen. Kalitatezko osasungintza publikoa nahi badugu, zaintzen gaituztenak zaindu behar ditugu. Gure kexak eta oihuak ez ditzagun bota bata zurien kontra; zuzendu ditzagun, ozen eta argi, Osakidetzako kudeatzaileengana, bertako profesionalak zaindu  eta entzun ditzaten. 

Zorionak eta eskerrik asko, bihotzez, Urdulizko lantalde osoari. Zuekin gaude. 

Search