Cecilio Rodrigo

Bonbilla baten bila

Bonbilla bat erostera nindoala esan eta Sarak harriduraz begiratu zidan.

− Ordu honetan eta oinez!

− Bai, ez dut kotxerik behar, bada elektratresna denda bat auzo honetan bertan.

Sarak ospe handiko «curator» lanak egiten ditu. Badakit zenbait hiritan museo eta galerietako erakusketak antolatzen dituela. Koadroen eta eskulturen garraioaz, kokapenaz arduratzen da. Badaki hormetan non jarri, sabaitik nola zintzilikatu, behar denean obra batzuk zoluan zein puntutan laga. Sarak ardura du argiztapenaz, propagandaz, prentsarekiko komunikazioaz, irekieretako ekitaldiez. Trebea da mila arazo eta ikusezinezko lan txiki asko konpontzen. Baina, antza, ez zeukan gure auzoko elektratresna dendaren berri eta eskertu egin dit informazioa.

-Norako nahi duzu bonbilla?

-Korridoreko sabairako diotsot, eta nik nire hatz erakuslea gorantz eta beherantz seinalatuz behin eta berriz mugitu dudanez piztu egin zaio, antza, bonbilla Sarari eta irribarretsu diost:

− Bururako ez dute oraindik bonbillarik asmatu.

− Etorri nirekin dendara eta ikusiko dugu.

Oinez, lasai asko eta berehala heldu gara eta dendan sartu gara biok. Bertan bi saltzaile, biak lanpeturik, biak emakumezko. Gazteagoarengana hubildu gara libre dagoenean eta esa diot.

− Bonbilla bat nahi dut.

− Norako? Berak.

Korridoreko sabairako diotsot, eta lehen Sarari kontatu diodan bezala, nire hatz erakuslea gorantz eta beherantz seinalatuz behin eta berriz mugitu dut eta, Sarari bezalaxe, neska gazteari ere, bonbilla piztu egin zaio, antza, eta barre algaraz leherturik irribarretsu diosku:

− Bururako ez dute oraindik bonbillarik asmatu. Asmaturik egongo balitz, eta gure dendan salgai izango bagenu, gure dendako atetik plazaraino helduko litzateke erosleen ilara.

Baina orduan, beste emakumezko saltzaileak, zaharragoa denak, eta hau guzti-hau entzun duenak diosku.

− Ez ba, nik ezetz diotsuet, areago oraindik, uste dut ez litzatekeela inortxo ere hemendik agertuko. Mundua sasijakintsuz eta handiustekoz beterik dago.

Neska saltzaile gazte alaia, emakume saltzaile zahar eta zuhurra, Sara eta laurok kalakan hasi eta honetaz eta hartaz hizketan ibili gara denda itxi duten, dugun, arte.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Search