J.M. Izaga, Iñaki Arrizabalaga eta Eduardo Garcia

Carlos Larrañagaren erretorikari erantzuna

Ez gara Carlos Larrañagaren idatziak jasotzen dituen irainei banan-banan erantzuten hasiko, idatzia bera nahikoa baita horretarako. Polemika honen funtsezko arrazoiari eutsi nahi diogu, Itziarko tokiko erakundearen eraketak sortu duen arazoari, alegia. Egun eraturik dagoen moduan ez baita inorentzako onuragarria.

Göbbelsek esan zuen, gezurrak mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen direla. Eta horixe da Carlos Larrañagak bere idatzian egin nahi izan duena alkate andreak hainbat zingotzik eskatutako ez ohiko osoko bilkurako gai zerrendatik aztergai bat kendu zuenean zuzen jokatu zuela behin eta berriz esaten duenean. Izan ere, Ina Aznal zinegotziak alkatearen erabaki horren aurka jarritako errekurtsoari erantzuterakoan Auzitegiak garbi utzi zuen kargu publikoei legalki onartua duten ahalmena galerazi zitzaiela eta Kostituzioaren 23.2 artikuluko funtsezko eskubidea urratu zela.

Auzitegiak gainera, garbi azaldu zuen osoko bilkurako gai zerrendatik proposatutako gai bat kentzea osoko bilkurako konpetentzia ez diren gaietan bakarrik justifikatu daitekeela. Eta, horren ondorioz 144/2014 erabaki agiria eman zuen eta alkate andreari osoko bilkurarako ez ohiko bilera deia zinegotziek eskatu zuten moduan egiteko agindu zion. Lau eguneko epean eta esandako gai zerrendarekin alkate andreak bilera deia auzitegira helarazteko ordena jaso zuen.

Euskal legea alboratu eta Espainiako legea aplikatu izanari buruz, Tokiko erregimen oinarri legetik Foru araura egindako transposizio bat izan dela esatea ere, azala behar da gero! Inork ez du ukatzen Aldundiko zerbitzu juridikoek Espainiako legea erabili zitekeela esan zutenik, baina erabakia erabat politikoa zen eta bata edo bestea erabiltzeko legezko aukera izanda Udalak eta Aldundiak Espainiako legea aplikatzea erabaki zuten. Eta kito.

Bide batez, zinegotzi batzuei asmo txarrez eta etika falta nabarmena erakutsiz, azken unera arte aldundiko abokatuek egindako txosten juridikoa ezkutatu zitzaien, eta ez zen tokiko entitate txikiko eraketarako espedientean sartu. Errealitatea hau da, gainerako guztia herritarrak nahasarazteko kontu eta ke lainoak besterik ez dira. Nolanahi ere, Carlos Larrañagaren idatzian, eta beretzat adostasuna zer den ikusita, argi eta garbi jasotzen dena zera da: zazpi botoz onar daitekeena, boto kopuru berdinez alda daiteke.

J.M. Izaga, Iñaki Arrizabalaga, Eduardo Garcia

 

Search