CCOOk ez du beti irabazten: profil elebiduna Iruñeko Udalean
CCOO lortzen ari da (batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan), errekurtso judizialak jarriz, euskararen aldeko hainbat neurri bertan behera uztea. Zorionez, ez du beti irabazten.
2025eko urtarrilaren 30ean, Iruñeko Udalaren deialdi bat argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean: Barne mailako langileekin eta udaletik kanpoko jendearekin zerrendak eratu behar ziren, profil elebiduneko (euskara/gaztelania) Pedagogiako lizentziatuen postuetarako.
Zerrenda horiek soilik erabiliko dira profil elebiduna duten plazak betetzeko.
Iruñeko Udaleko CCOOko ordezkari batek errekurtsoa jarri zuen, euskarazko eskakizuna kentzeko: 25-00271 gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak, ordea ez du errekurtso hori baietsi. Ebazpena eman du 2025eko azaroaren 11n, eta ez dio CCOOri arrazoirik eman. Dioenez, Iruñeko Udaleko plantilla organikoan badago profil elebiduna duen Pedagogiako lizentziatuaren plaza bat, eta gerta daiteke noizbait hutsik gelditzea, eta zerrenden bidez bete behar izatea.
Errekurtsogileak, gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegiari eskatu zion Udalari aholkatzeko egin zitzala gaztelania bakarrik eskatzen duten zerrendak eratzeko deialdi bat ere, baina Auzitegiak erantzun dio ez dela bere lana aholkuak ematea, baizik eta aurkaratutako deialdiaren legalitatea aztertzea.
Pozgarria da ebazpen hau, zalantzarako tarterik utzi ez duena. Espero dezagun CCOOk bere ibilbidea zuzentzea; euskarak eta euskaldunok nahiko etsai badugu.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.