Martin Garitano

Dakota, agur eta ohore

Abuztuaren ederra behar zuen goiza ilundu egin da euskaldun ezkertiar eta independistontzako. Ezustean harrapatu gaitu Bitor Gaston Barrenetxea, «Dakota», burkide eta lagunaren heriotzaren berriak.

Borrokalari garaiezina, lagun emankorra, gure herria eta langile klasearen aldeko grina eta adorea behin eta berriz erakutsi digunak utzi egin gaitu. Fisikoki, bai, baina asko eta askoren memorian betiko argia izango duen adiskide eta militantea.

Ezker abertzaleko antolakunde askotako militantea, bizkarrean horrenbeste kolpe jaso arren erretiratzen ez zenetakoa. Ez dira gutxi izan gure herrian horrelako konpromisoari eutsi diotenak, ez horixe! Baina herri txiki menderaezin honen alde horrenbeste eman dutenek gure gizarte hobeago bat amesten dugunon bihotzean beti izango dute urrezko hizkiekin idatzita izena.

Emankorra izan dugu Dakota eta GARA ere eraikitzen jardun izan dugunok esker onez gogoratuko dugu beti, zordun gara-eta.

Askatasunaren egun handirarte, Bitor!

Search