Jasone Giraldo Menéndez

Debagoiena eta Eibarko mugimendu feministen adierazpen publikoa

Gaur, Arrasateko EMMko plataformak, Pottogorriak, NALUA Eibarko talde feministak, Oñatiko Andraitz talde feministak, Deba Eskualdeko Koordinadora Feministak, Oñatiko Pototak, Antzuolako Andramanuelak, Oñatiko Sare feminista, Aretxabaletako talde feminista eta Bergarako Martxanterak, beraien babes eta elkartasun osoa eskaini nahi diete Arrasateko etxez etxeko zerbitzuetako langileei.

Azken hilabeteotan, etxez etxeko langileak borroka etengabean dabiltza 93 egunez greba eginez eta elkarretaratzeak burutuz. Herriko hainbat eta hainbat gunetan ikusi ditugu, eztarriak hausten, beraien lana balioan jartzeko aldarriaz, berezko dituzten eskumenak ozen oihukatuz.

Deba Eskualdeko mugimendu feministok, 2018ko M8ko «Emakumeok* planto» aldarriaren manifestua berreskuratu nahi dugu, beraz, Martxoak 8ko testuinguruan denok argi ikusten genituen aldarrikapenak memoriara ekar ditzagun:

«Egunero egiten ditugun zaintza-lanengatik ez balitz, gaur egungo sistema ekonomikoa kolapsatu egingo litzateke. Zaintza-lanak ez du ez bisibilitaterik ezta baliorik ere, nahiz eta lan horrexek, emakumeok* egiten ditugunok, sistema sostengatu. Etengabe zaintzen ditugu gure familiak, bikotekideak, lankideak, lagunak, inguruan ditugun guztiak. Eta lan horiek egin gabe geratuko balira, inork ezingo luke bizi. Ikusezinak direla ematen badu ere, behar beharrezkoak dira pertsonen ongizaterako eta bizitza eta planeta jasangarria izateko. Etxeko eta zaintza-lanak familia esparruan egiten ditugu, doan eta modu prekarizatuan, eta lan-merkatuan egiten ditugunean, esplotazio baldintzetan egiten ditugu, prekarietatetik hasi eta lan-trafikoraino. Modu prekarioan zaintzeari utzi nahi diogu, eta buruen zaintza aldarrikatu nahi dugu, bai eta zaintza-lanak bizitzeko zeinen garrantzitsuak zaizkigun ulertarazi ere…».

Badirudi, 2018ko martxoak 8ko testuinguruan, Arrasateko Udaleko arduradunek «bere» egiten zituzten aldarrikapenak ez dituztela, egun, etxean, gertu, kasu praktikoetan dituzten adibidetan beraien kargu hartu nahi. Gure herriko etxez etxeko zaintzako profesionalen lana balioan jarri behar dela uste dugu, beraien zaintza lanik gabe gure herrian denok okerrago bizi garela eta argi utzi nahi dugu, ez dugula onartuko lan hori modu prekarioan gauzatu dadin, sosten-gaitza den eredu bat, beste behin ere, emakumeon lan prekarioak sostengatuz.

2018ko martxoaren 8a ez zen beste egun soil bat izan, errotiko eraldaketaren hasiera baizik, jendarte eraldaketa behar beharrezkoaren erakusleihoa, alegia. Eta eremuz eremu gauzatu dadin borrokan jarraituko dugu, baita borrokan daudenak babestuz ere. Beraz, memoria egin dezagun eta babes ditzagun, geure presentziaz, egungo sistema patriarkalak ikusezinak bihurtu dituen, baina, guztion ongizaterako, ezinbesteko eta behar beharrezkoak diren zaintza lanak eta horietara dedikatzen diren profesionalak. Horien egungo egoeraren eta eskubidezko eskaeren hobekuntzak, geure biharko zaintza beharren onura baitakar inplizituki.
Ez dugu amore emango!

Search