Nahia Eguskizaga eta Alazne Ostolaza, Liburutegia Denontzat

Diskriminazioa gaindituta, liburutegia denontzat izango da

Bai, lortu dugu! 2023ko azaroan sortu zen Liburutegia Denontzat taldea. Helburua: Debako liburutegian urte luzez haurrekiko eta zaintzaileekiko ematen zen diskriminazioa etetea. Ia bi urteko borroka eta gero, hemendik eta handik ate joka ibili eta ondoren, herritarren babesa bildu (500 sinadura, 130 gutun Eusko Jaurlaritzako Liburutegi zerbitzura) eta udal gobernuari bideratu eta gero, hainbat kale liburutegi eta hamaika ekintza burutu eta gero, lortu dugu azkenean, udalak gure eskaerak aintzat hartzea eta liburutegiak urte luzeetan izan duen arautegi diskriminatzailea aldatzea. Ekainaren 16tik aurrera Debako liburutegiak ateak eta ordutegiak denoi zabalduko dizkigu eta arautegi berriaren arabera funtzionatzen hasiko da. Haur, gazte, heldu zein nagusi, denok edukiko ditugu eskubide eta betebehar berdinak.

Oinarrizko eskaerak ziren Liburutegia Denontzat taldearenak eta arautegi berriak hauek jasoko ditu: haur liburutegian ez da adin-tarteen araberako ordutegirik egongo eta liburutegi orokorrak duen ordutegi bera izango du; 0-2 urteko umeek haur liburutegian egon ahalko dute −lehenago ez bezala− eta erabiltzaile txartela egin ahal izango dute. Aldaketa hauekin batera espero dugu liburutegiaren aro berri honetan zaintza erdigunean jartzea eta malgutasunez jokatzea.

Bidea ez da erraza izan, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan nola edo hala (babesa ematen, gure ekimenetan parte hartzen, zuen testigantzak gurekin konpartitzen, animoak ematen) hor egon zareten guztioi. Eskerrik asko, eta zorionak zuei ere, denoi, diskriminazioa gaindituz eta denona den ondasun honen −liburutegia− funtzionamendua hobetuz denok irabazten dugulako, bizikidetza sustatuz herriak irabazten duelako.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search