Donostiako alkate Eneko Goiari eskutitz irekia
Egia esan, «besteren akatsak aurrealdean; gureak, bizkarrean» esaera ezin hobeto datorkio gure hiriko alkateari. Izan ere, ohiko jarrera baitu bere burua balioan jartzea, hiriaren lehentasunei dagokienez harengandik bereizten direnak arbuiatzen eta gutxiesten dituen bitartean, eta haren jokabidea salatu egin behar dela iruditzen zaigu.
Zahar-etxeetako presidenteek hirian egiten duten lanari balioa eman nahi badiozu, nahikoa izango litzateke esker oneko gutun bat bidaltzea eta/edo erretiratuen egoitzetara hurbiltzea babesa adierazteko, eta ez diru publikoarekin ordaindutako bazkari baten bidez, bidenabar esanda, Nautikoan eta hauteskunde-kanpainaren atarian, apirilaren 19an, hain zuzen ere.
Alderdi Pentsiodunen Batzarrak argi utzi nahi du aintzat hartzen dugula erretiratuen etxeetan egiten den lana, betetzen duten funtzio sozialagatik, eta, era berean, balioan jartzen dugu horren ardura duten boluntarioek egiten duten lana.
Alkate jauna, egun horretan presidenteak bazkari batera gonbidatzean argi dago zein diren zure asmoak, diru publikoarekin interes alderdikoen alde egitea, alegia, eta jokabide hori onartezina dela deritzogu.
Benetan kezkatuta bazaude adinekoen bizitzarekin, gogoratu nahi dizugu Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzarra oraindik zain dagoela 2018an egindako eskaera praktikan jar dezazun, hala nola 65 urtetik gorako emakume pentsiodunen pobreziari buruzko diagnostikoa edukitzeko azterlan bat egiteri buruzkoa, hain zuzen. Diagnostiko hori egitea hainbat osoko bilkuretan adostu zen gehiengoz, lehen aldiz 2018an, eta azkena 2019ko uztaileko Osoko Bilkuran. Bertan, sei hilabeteko epea ezarri zen hura ezartzeko, eta Gizarte Ongizateko zinegotziak, ondorengo bilera batean, agindu zigun praktikan jarriko zuela, eta, gaur egun, gauzatu gabe jarraitzen du.
Goia jauna, aurrerantzean presidenteak gonbidatu nahi badituzu, zure poltsikoko diruarekin egitea espero dugu, eta agindutakoa betetzea, ze oraindik horren zain baikaude.