Duintasuna? Zer?
Atzo bertan, neure laguna jota sumatu nuen, indarge, sits eginda, pott. Zer edo zer falta zuela, barrua huts sentitzen zuela ziostan. Begirada tristea eta izua zuen, apalak sorbaldak, nekatua bihotza. Aitaitari lagunaren arazoa kontatu diot, eta aitaitak nire begirada triste eta izuari, zera esan dio: «Duintasun falta. -Zer?»
Duintasuna. Aspaldi bazegoan baina galdua duk bazterretan. Behin galduta, bilatu besterik ez zegok. Bila joan behar zaiok. Hiztegira jo dut hori zer ote den ikustera. D letran ez zen duintasun hitzik. Aitaitak lepotik heldu eta zera esan dit: «Alferrik habil hiztegiak ez dik ezer argituko. Aspaldi eroan ziatean hemendik. Diotenez, munduko tontor gatxenetan baino ez duk gordetzen, gutxi batzuek baino ez ditek dastatu, eta harako bidea ez duk erraza, norberaren esku izanda ere. Probatu duenak bazekik zer den. Oraindik inoiz, tantaka tantaka, etortzen dira gizabanakoak nondik edo handik, eremu urrun eta ilunetan luze izan eta gero. Besapean duintasuna koskorra zekartek, ordea. Ikusi nahi baduk hoa Zamudiora, han daukak Gabixola, duintasun bila 20 egun gose greban! Hitz egiten entzun nianean, duintasun gardena zerien bere hitzei, bere begiradari, bere barruari. Sorbaldak tente zitian».