Duragaldean lurra SOS
Izenburuan Euskal Herria ere jarri ahalko genuke. Euskal Herriko hainbat txokotan amalurraren aurkako erasoak egiten ari baitira, ‘progreso¸aren izenean. Baina gure eskualdera etorriz, AHTarekin, zentral termikoarekin edo PTP berriarekin nahiko izan ez eta beste bi mehatxu hulbiltzen ari dira.
Alde batetik Güeñes- Itxaso goi tentsioko linea berriaren proiektuak aurrera jarraitzen du. 400.000 volteko linea horrek Gueñesetik Itsasora (Gipuzkoa) 72 kilometroko luzera edukiko luke, metalezko 35 dorre eta Arratiatik etorrita Zornotza, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia eta Zaldibar zeharkatuko lituzke, gero Gipuzkoako lurrak hartzeko.
Ibilbide horrek kalte handia eragingo du igarotzen den 24 udalerrietako gune garrantzitsuan, orokorrean oso lurralde jendetsua baita, eta hainbat azpiegiturak dagoeneko beraien aztarna utzi baitute bertan.
Azpiegitura hori gune jendetsuetatik urruntzeko beharra dago, alde batetik, Europar Batasunak jartzen dituen arreta irizpideak kontuan hartzen badira, eta beste aldetik, gure nekazal ingurua, ondarea eta ingurumen baloreak babesteko beharra dagoelako. 2011ko maiatzean jada Berrizen burututako topaketa batean kaltetutako udalerrietako 50 zinegotzik eta alkatek proiektua bertan behera uzteko eskatu zuten, proiektu horrek justifikazio nahikorik ez zuelakoan eta osasun, ingurumen, gizarte eta ekonomiari eragingo lizkiekeen kalteak neurriz kanpokoak iritzita.
Beste aldetik, isilpean beste mehatxu garrantzitsu bat jarri dute martxan gure eskualdean, fracking-a, hain zuzen. Pasa den otsailean eta martxoan fracking-a aurrera eramateko ikerketa sismiko batzuk egin zituzten Bernagoitiako auzoan (Zornotzan), udalaren baimenarekin. Baina zer da fracking-a? Fracking-a edo haustura hidraulikoa arbel harrietako gas naturala erauzteko erabiltzen den teknika da. Fracking-a, putzu bertikal zein horizontalak eginez, lurzoruaren zulaketan datza. Harria hautsi eta metanoa askatzeko, ur, hare eta gai kimiko kopuru ikaragarrien injekzioa beharrezkoa da eta gai kimiko hauetako zenbait oso kaltegarriak eta toxikoak dira.
Eusko Jaurlaritzak EAE-ko hainbat tokitan gas naturala erauzteko asmoa du Fracking-a erabiliz. Fracking-a teknika oso arriskutsua da, lurzoruaren azpian injektatzen den ur kutsatuak lur azala zeharkatu eta akuiferoak kutsa baititzake, ingurumenean zein giza osasunean kalte konponezinak eraginez.
Teknika honek, gainera, metano isuria eragiten du, lurrikarak, habitataren suntsiketa, kutsadura akustikoa eta lokatz toxikoen gainazal-putzuen eraketa. Lurra, gure etorkizuna, bakean uzteko garaia da. Jarri gaitezen martxan bi proiektu kapitalista hauen aurka borrokatzeko.Utzi bakean Durangaldea!1 Utzi bakean amalurra!!