Errenta aitorpena euskaraz
Administrazioan, euskararen erabileran aintzidaria izan den leloa “Errenta aitorpena euskaraz” gero eta urrutiago dago haren helburutik Bizkaiko lurraldean emaitzei erreparatuz gero. Urtez urte, murritzagoak izaten baitira datuak, gero eta euskaldunagoa (Bizkaian % 25 euskaldun) den gizartean (ikusi beheko kuadroa);
Errenta aitorpena
Urtea* Aurkeztutakoak Euskaraz %
2009 605.404 16.071 2,65
2010 608.382 14.907 2,45
2011 613.660 14.257 2,32
2012 598.149 13.796 2,31
2013 586.851 12.737 2,17
*aitorpenaren urtea. Iazko datuak faltako lirateke
Inbidiaz ikusten dugu Gipuzkoako hainbat udalek errenta aitorpena euskaraz abiatutako kanpainak, eta haiei esker lortutako emaitzak (2014ko errentak) Beasainen %16,60, Ordizian % 17, Lazkaon %25… Debagoienan aurten «7 mila baietz» daukate erronka(65.000 biztanle gutxi gorabehera).
Barriro-tik (euskararen aldeko taldea Bizkaiko Aldundian) ikusten dugu, motibazioa landuz gero, emaitzak lortzen direla eta hori da faltan daukaguna; erabileraren aldeko kanpainak gure administrazioan, kanpoan zein barruan.
Horri buruz ikus dezagun zer esaten den «Eta hemendik aurrera zer?» duela gutxi Euskara21 taldeak burututako txostenean; «Herritarren hizkuntzarekiko atxikimendua elikatu egin behar da, eta euskararen aldeko sentiberatze lana etengabe egin…» eta «erabilerara jauzi egitea da erronka; bihotzetik ezpainetara gehiagotan eta gehiagok eramatea nahi dugu». Hala bedi!
Erabilerak euskalduntzen gaitu!