Koldo Asiron Saez | Zizur

Eskerrik asko Mertxe, mila esker Ana

Eskerrik asko, Mertxe, Josune, Juana, Leonor, Arantza, Iñaki, Uxue... Mila esker Ana, Javier, Mikel, Leire, Txaro... Eskerrik asko guzti-guztioi, Miren eta Amaia gure alabei eman diezuen heziketagatik, Miren eta Amaia D ereduko gure alaben irakasleak izateagatik. Mila esker, ez bakarrik irakurtzen, edo idazten, edo batuketak eta kenketak egiten, edo Kaspiar itsasoa non dagoen irakasteagatik, mila esker, batez ere, gainera hori guztia euskaraz irakastegatik.

Eta mila esker gure hizkuntza eta gure herria maitatzen irakasteagatik. Mila esker erantzukizunak hartzen irakasteagatik. Mila esker ulerberak izaten irakasteagatik. Mila esker zintzotasuna zer den irakasteagatik. Mila esker sentiberak izaten irakasteagatik. Mila esker besteekiko begirunea izaten irakasteagatik. Mila esker beren lagunen lagunak izaten irakasteagatik. Mila esker eskuzabalak izaten irakasteagatik. Mila esker berdintasuna zer den irakasteagatik. Mila esker ezberdintasuna onartzen irakasteagatik. Mila esker duintasuna ezinbestekoa dela irakasteagatik. Eta mila esker askatasuna maitatzen irakasteagatik. Ester eta Koldo, Miren eta Amaiaren gurasoak.

Search