Eskerrik hanitx/anitz
BERRIAn urriaren 22an argitaratu den artikulu baten honako izenburu honek harrituta utzi nau: “Eskerrak anitz, Dominika maitea”. Egundo entzun gabea nintzen “eskerrak anitz” hori. Eta ez dut uste idazki bikainaren egileak, Tasio Erkiziak, hala idatzi duenik. Izan ere, egun berean GARAk “Eskerrik hanitx, Dominika maitea” jarri du izenburu. Zuberoan bertan behatu aurretik, sarri entzuna genion Txillardegiri “eskerrik hánitx”, hasierako azentu eta guzti. Batasunaren izenean, nahi bada “eskerrik anitz”, baina ez “eskerrak anitz” arrotz hori, otoi!