Imanol Ugarte Garrido

Eta zuri, zer moduz doakizu?

Hemen nago ni etxean txintxo-txintxo zuek bezala, guztioi eragiten digun gaitz hau pairatzen ahal dudan moduan. Tarteka entzuten ditut ohikoak bihurtzen ari diren gomendio eta arau berriak. Denentzako kaltegarri izaten ari den egoera honetaz, ez nuen nere gain ardura berezirik sentitzen, zer egin dezaket ba nik..? Pentsa hau guztia nik kudeatu behar izango banu zein ardura sentituko nukeen, baina ez da horrela eta agintarien gomendio eta arauak jarraitu besterik ez dut egin behar, hori ere lasaigarria da. Hori bai, haiengan konfiantza baduzu, behintzat.

Gure gizarte patriarkal honetan, non eta guregatik beste batzuk askoz hobeto pentsatzen duten, hasi dira zantzu gero eta ugariagoak agertzen gu salbatuko gaituen planik ez dagoela. Denok ala gizarte zati handi bat pandemiaren eraginpean gaude eta halabeharrez denontzat ala gizarte zati handi horrentzat ahal den konponketarik zabal eta onena espero nuen. Baina ez, orain ere oihaneko legea aplikatzen da eta azkarrena ala indartsuena ez dena, izorrai!

Badakigu nondik ateratzen diren gure agintariek banatzen dituzten limosnak. Lehendabizi poltsikoak hustutzen dizkigute eta gero tentuz bazabiltza agian puxka bat berreskuratuko duzu laguntza behar duen gizarajo horrek.

Langile autonomo ekintzaileak gara hainbestetan goraipatuak gizarte honi ematen diogun beharrezko bultzada dela-eta, baina denok dakigu zein den errealitatea eta ez noa orain zuei gure mixeriak kontatzera.

Uste nuen hain larri eta hain zabal harrapatu gaituen gaitzari denentzako neurri orokorrez aurre egingo geniola, proportzionalki eta ongi diseinatutako planen baten arabera. Baina hara nola orain ere harrapaladan ibiltzera bultzatzen gaituzten lehendabiziko gutxi batzuentzat baino izango ez diren laguntzak jaso nahi baditugu. Txikitan elizaren atzealdean ume jaio berri baten bataioa zenean bezala, ume koxkorrak bata bestearen gainean pilatzen ginen pezeta ala goxoki bat lortzeko ahaleginean eta horretarako dena zen balekoa... azkena, azkenputz!

Gaur berriz entzuten nuen kultura alorreko langileentzako neurri berriak zein beharrekoak diren eta zein baldintzatan jarduten omen duten, baina diot nik: orain zer egin behar dugu? Rangkin bat zein ote den beharrezkoagoa? edo ez dakit nik. Hau deneri iritsi zaigu, mesedez ez gaitzazue konpetentzian jarri denak gara beharrezkoak, ezta?
Nire uste apalean ez dago laguntza hobeagorik horrebeste kostatutakoa ez kentzea baino. Une hauetan zergak bere horretan jarraitzen dute: Errenta zerga, Elkarteen gaineko zerga, Udal zergak eta abar luzea.

Baduzue nondik hasi etxea txukuntzen baina mesedez ez adarrik jo! ¡¡Maricon el último!!

Search