Iosu Ganuza Garcia

Etxean gelditu(ko) naiz

Etxean gelditu(ko) naiz erantzukizunagatik. Etxean gelditu(ko) naiz elkartasunagatik. Etxean gelditu(ko) naiz osasunagatik, gure osasun sistema publikoa babesteagatik.

Ia bi hilabete pasa dira etxean itxita gelditu ginenetik. Aste luzeak haurrak kalera irten zirenetik. Egun pare bat 0 fasean, pixkanaka herritarrok kalera ateratzeko aukera dugunetik.

Eta etxean gelditu(ko) naiz. Ateratzeko aukerak ez du esan nahi ateratzeko beharra. Azken egunetako datu onek ez dute esan nahi guztia amaitu denik. Datuez ari garela, erreprodukzio indizeak batetik gertu jarraitzen du oro har, eta gutxi hitz egiten da horretaz.

Ez naiz etxean gelditu(ko) gustuko dudalako, baizik eta martxoaren 14 hartatik aurrera egin bezala, etxean gelditu(ko) naiz, osasun sistema publikoak eztanda egin ez dezan, gure profesionalek eta zaintzaileek atseden har dezaten.

Benetan kezkatzen nau zentralizazioak, eta hori malgutu behar dela agerikoa da, baina gure osasuna kolokan jartzea horren truke... Alarma egoerak jarraitu behar du, eta errealitatea da erkidegoek kontrolatu behar dutela euren argazkia, haiek ezagutzen dutelako hobekien bertako errealitatea. Nik ez dut nahi ezkutuko 155tik, ezta argazki militarizaturik Nafarroa burujabea nahi dut, eta egungoa ez da nire Nafarroa. Baina politikak herriari egin behar dio mesede, ez hautestontziei.


Eta hautestontziez ari garela, tamalez, beharrezkoa da alarma egoerarekin jarraitzea. Ez naiz etxean gelditu(ko) hemendik egun batzuetara txenadaren alderdiko buruak esan bezala, jada beharrezkoa ez delako.


Ez dezagun galdu, ez gara etxean gelditu(ko) gaixotasuna akatzeko, horrek txertoa behar baitu. Etxean geratu(ko) gara, osasun sistema zaintzeko, kolapsoa, eztanda ekiditeko. 
Zaindu gaitezen, gure zaintzaileengatik, gure herriagatik. Jarraitu dezagun gurea aldarrikatzen, ezkerretik eta auzolanetik, etxeetatik, pausoz pauso. Eska dezagun gurea, guretik, Nafarroatik.


Etxean geratu(ko) naiz ere, lehen bai lehen familia eta lagunak, osasunez eta osasuntsu besarkatzeagatik.

Search