Naiara Goiriena

Euskaldunak berriro ere galtzaile

Leioako Udal Musika Eskolan gertatutakoa kontatzera nator. Orain dela 30 urte bertan ikasi genuenok nahiko argi geneukan (zoritzarrez) erdera hutsean izan beharko zela, gainera, atzerritar prestigiodun asko zeuden eta haien komunikazio-hizkuntza erderaz izan behar zela asumituta geneukan. Baina gaur egun? 7 urteko alabak jaso behar dituen musikako klaseak erderaz izan behar? Ba bai, irakurleok. Zergatia? Postu horretarako aurkeztu direnek ez dutelako euskarazko perfilik eta ondorioz, erderaz emango dira saioak. Zergatik ez dira bertan behera utzi orduan? Ez dituzte gure nahiak bete! Eskaintzen dizkiguten alternatibak ez dira onurgarriak guretzako. Orduan, non geratzen da gure eskubidea? Gau osoan lo egin gabe pasa ondoren pare bat ondoriotara heldu naiz: gure gurasoek borrokatu zutenak ez du apenas ezertarako balio. Gure garaiko ikasketak euskaraz izan zitezen Ikastoletara bidali gintuzten asko, horrek zekarren esfortsu ekonomikoa aintzat hartuta. Unibertsitatera heldu ginenok ere borrokan jarraitu genuen gure ikasketa guztiak euskaraz izan zitezen. Eta orain? Atzera pausua! Euskarari dagokion garrantzia ez ematea izan da perfilik garaiz ez ateratzea, eta orain, irakasle euskaldunak behar ditugunean «horretan nabil, poliki poliki, baina no me veo capaz de dar clases en euskara, no domino la terminología y además, en castellano es más diverso». Ondorioz, zein da nire aukera ama bezala? Zergatik aukeratu behar dut euskaraz ikasi edo musika ikastearen artean? Euskaldunok berriro ere galtzaile...


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Search