Ibon Rubio, Arrate Valbuena, Saioa de Lucas, Xabier Llanos, Soraya Blanco, Asier Ruiz eta Iñigo Amor

Euskarafobiaren aurkako botika

Euskarafobia bizirik dago, eta gero eta handiagoa da; izan ere, oso presente dugu euskaldunok bizitzan. Kontziente zara? Sentitu ahal duzu?

Beharbada inoiz ez zara konturatu, irakurle, baina euskararen kontrako jarrera edonon dago. Esaterako, aurreko batean lagun bati Bilboko Alde Zaharreko taberna batean gertatutakoa dugu gogoan. Hiru zurito eta bi Coca Cola keinuka eskatzean, tabernariak erantzun bortitza eman zion, antza denez, euskararik ulertzen ez zuelako bigarren honek. Ondorioz, ezer edan gabe alde egin behar izan zuen lagunak. Konturatu ez arren, egoera hori behin eta berriro errepikatzen da, eta herritar askok ez dio garrantzi handirik ematen arazoari; hala ere, badu, larria da!

Kalean ez ezik, instituzioetan ere bada euskararen kontrako gorrotoa. Euskaraz mintzatzea eskubidea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan; aukera hori, ordea, ez zaigu beti eskaintzen herritarroi. Osakidetzako harreran, herriaren arabera, euskaraz hitzordu xume bat eskatzea ezinezkoa bihurtu da. Kiroldegietako egoera ez da hobea, umeentzako ekintza asko euskaraz izangatik ere, gaztelania da jaun ta jabe. Berdin pasatzen da gure inguruko udal askok kontratatzen dituzten ekintzetan, bertan argi geratzen da euskara ez dela beti beraien lehentasuna. Horiek guztiak ere badira euskararen gorrotoaren seinaleak!

Epaitegietan ere euskarak aurkariak dauzka. Hurbileko hainbat herritan gertatutakoa ezin da ahaztu: Barakaldon, Erandion, Laudion, Irunen... epaileak arrazoi eman zion euskarafobiari. Epailearen auzi horiek traba gehiago jarriko dizkigute betikoei. Erasoz josita gaude!

Erasoen zerrenda irakurri ondoren, nola sentitzen zara? Egoerari aurre egiteko herritarrok mugitu beharko gara, gure aurrekoek duela 50 urte egin zuten modura. Beraz, euskararen kontrako gorrotoaren aurka maitasuna adieraztea dagokigu guri.

Search