Xabier Arana Eiguren | Gernika-Lumo

Euskarexit baino, euskal hiztunen eskubideak

Eusko Legebiltzarreko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak eta honek eragindako zaparrada igaro ondoren, ondoko ideiak eta sentimenduak plazaratu nahi ditut euskararen inguruan esandakoen eta ikusitakoaren ondoren.

Euskal hiztun modura zuzenduko natzaizue. Izan ere, bizpahiru bizipen partekatu nahi dut, euskaldun gisa baztertuta eta bigarren mailako herritar sentitu izan bainaiz sarri askotan. Horregatik, gertatu ez baina garraztasunez eta lotsagabeki aipatu diren adibide injustuen aurrean, nik Euskal Herriko edozein plaza zein administraziotan bizi izandakoak azalduko dizkizuet.

Ohiko egoera baztertzaileak euskal hiztun guztiek azalean zein ariman nozitu ditugu –Euskadiko Erkidego Autonomoaz arituko nahiz oraingoan–, administrazioetan, oro har, ez baitago euskaraz aritzeko eskubidea bermaturik, are gutxiago ere. Eta halako egoera negargarriak, Osakidetzan, justizia administrazioan edo polizia desberdinen aurrean pairatu ditugu. Jakina, elebidunak gara eta beti dago gaztelaniaren irtenbidea, euskarexit-a alegia.

Baita ere diot euskaraz ikasteko aukera izan dudala, hasi «legala» ez zen ikastolan, ondoren institutuan eta, amaitzeko, Euskal Herriko Unibertsitatean. Baina nahiz eta ikasketa guztiak euskaraz egin, eta unibertsitatean Euskara Zientifikoa moduko ikasgaiak gainditu, hori ez zen nahikoa euskaradun herritar jantzia izateko. Ondorioz, EGA bezalako agiria behar genuen, funtzio publikoan aritzeko alegia. Hizkuntza gaztelania izan denean, ez didate titulurik exigitu erkidegoko administrazioetan lan egiteko.
Beste adibide bat aipatzearren, burura datorkit BEC Bilbao Exhibition Center handia (Barakaldo), Euskadiko instituzio publikoek finantziatua. Ateak ireki eta non aurkitu genituen seinale guztiak elebidunak, bai, baina gaztelaniaz eta ingelesez.

Oraintsu –ez da 1986 urteko kontua, alajaina–, Eusko Jaurlaritzara joan ginen ziurtagiri pertsonala eta garrantzitsua eskuratzeko asmotan. Ez zegoen funtzionariok prozedura hori euskaraz burutzeko. Hurrengo egunean bertaratu ginen berriz. Egoera berdintsua izan zen, eta zerbitzuko nagusiak burutu behar izan zuen tramitea, azalpen zintzoak eman eta gero euskaraz. Eta halakoak, zenbat eta zenbat.

Bidezkoa eta legezkoa delako, euskal herritar guztien eskubideak bermatu behar dira, baina guztienak. Horregatik, zerbitzu publikoa eta arreta zuzena ematen denean herritarrei, euskal hiztunak euskaraz dakien eta hizkuntza honetan erabat trebea den behargina izan behar du aurrean. Hori ulertzen eta onartzen ez bada, ez dago euskal hiztunen eskubideak bermatzeko asmorik eta, are gutxiago, helbururik.

Search