Asier Larrinaga

Ezetz esaten jakitea

Eskolarako adinean dauden haurren guraso izanda haien heziketaz kezkatzen gara, normala denez. Etxean ematen diegun heziketaz ari gara, komunitatean elkarbizitza egokia gozatzen ahalbidetuko duen heziketaz. Lagun hurkoa edota ezberdintasuna errespetatzeko heziketa jorratzen saiatzen gara, baina era berean bere burua errespetarazteko ikasketa ere izugarri garrantzitsua iruditzen zaigu, adibidez haiekiko desegokiak, bidegabeak edo abusuzkoak diren proposamenei modu egokian ezetz esaten jakinez.

Jakina da gurasook heziketa aurrera eramateko dugun tresna garrantzitsuenetako bat eredua eskaintzea dela, esaten duguna eta egiten dugunaren artean koherentzia erakutsiz. Eta horregatik, hain zuzen ere, erabaki dugu gure seme-alaben eskola jardunaldiaren inguruko galdeketan eskola-saio jarraiari «ez» bozkatzea. Modu egokian ezetz esatea, alegia.

«Ez» hitza negatibotzat izaten dugu, baina arestian aipatutako ikuspegitik izaera positibo eta autobaieztatzailea gailentzen da. Beraz, azaldutako koherentziari jarraiki hitz hau positiboki erabiltzeko ordua da.

Azken urte hauetan jardunaldi jarraia probatu izan dugu, eta gustuko ez ditugun ondorio nabariak ikusi arren, gure inguruan modu batean edo bestean organizatiboki moldatu gara aurrera egiteko. Baina kontziente gara jende guztiak ez dituela baliabide berdinak, eta modalitate hau eskola guztietan eta betiko ezartzea arazo handia izaten ari dela eta areagotuko litzatekeela familia asko eta askorentzat, batez ere haurrentzat. Hortaz, «nirea» konponduta dudalako besteen arazoari ezikusiarena egitea erabat insolidarioa izango litzateke, eta epe luzean «niretzat» ere kaltegarri, komunitatearentzat txarra dena denontzako txarra delako.

Ondorio honetara ailegatzeko prozesuan irakurketa, eztabaida eta hausnarketa ordu asko daude. Informazioa, argudio eta ebidentzia horiek guztiak ezagutu nahi izanez gero www.partida-zatitua.com webgunean daude denon ikusgai.

Baina arrazoi organizatibo edota pedagogikoen gainetik, bada zeharo kezkatzen gaituen beste arrazoi bat: gauzak egiteko modua eta, prozesuan, hezkuntza komunitateak jasan duen kaltea. Hainbat eta hainbat eskolatan jasan behar izan den giro oldarkor eta lehiakorra ez da preziski hezkuntza arloko erakunde publiko bati dagokiona, eta are gutxiago gure seme-alabentzat eredu egokiena.

Hori guztia dela medio, eta gure buruari eta komunitateari diogun errespetuagatik, datozen egunetako bozketan argi dugu gure hautua: oraingo honetan «ez» bozkatzea positiboa da!

Search