Frantsesak jotzen du
Muga inguruan bizi naiz eta neguko haizea ekialdekoa denean, bertakoek, «frantsesak jotzen du» esan ohi dute. Haize lehorra eta hotza.
Tarteka Franceinfo jartzen dut zerbait ulertzeko gai naizen egiaztatu nahian. Gaurkoan «irakasle» hitza ulertu dudanean adimena argitu zait. Entzun dudana hala ote?
Amélie Oudéa-Castéra (ministre de l'Education): « je crois en l'école publique ».
Etxeko umea herriko eskola batean matrikulatu eta «errirrau» batean Parisko ikastetxe pribatu batera pasa omen du. Bere arrazoia? Irakasle faltan suertatu eta ordezkorik gabe denbora gehitxo egon dela bere umea. Harrapa ezak hori!
Gabriel Attal (Premier Ministre): «Dugun plan berrian DBHko1 ikaslea, duen mailaren arabera, sailkatua izango da».
Hau da, «artaburuen» gela bat sortuko da maila bakoitzean. Aitortu behar dut ikasturte batean, orain dela 40 bat urte, horrelako saiakera bat egin genuela. Bide txarretik atera eta okerragoan sartu ginen. Ume bati astoa dela behin eta berriro esaten badiozu asto bihurtuko da. Honi, Pigmalion efektua esaten zaio.
AEBn familia aberatsenetako seme-alaben %90a unibertsitatera iristen da. Aldiz, premia handiko familietan %20-30ak soilik lortzen du bide hori osatzea.
Harvarden edo Yalen, lotsa gutxirekin, esango didate han dabiltzan ikasleak «meritocracy»-ri esker daudela. Ezkutaketa jolasean Kapitala nagusi da, egoera gordinena ere hitz gozopean ezkutatzeko ahalmen absolutua du.
Ez dakit frantsesak jotzen duen, baina batzuen atarian beti elurra eta bisutsa den bitartean ale bakan batzuen jauregietan eguzki gozo eta oparoa izaten dela ziur nago.
Maisu-maistra guztiok irakurrita izan beharko genuke "Alumnos de la escuela de Barbiana-Carta a una maestra" Gezurra dirudi baina, 50 urte luze pasata izan arren, hor dago itsasargia inoiz baino distiratsu.