Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Gaiarre antzokia

    Iruñeko Gaiarre antzokian gauza bitxi bat gertatzen da, alegia, gurpil-aulkian doazen pertsonek ordaindu behar dute sarrerarik garestiena, nahi eta nahi ez, baina, hala eta guztiz ere, gelditu edo ikusi behar dute ikuskizuna beheko azken ilararen atzetik; orain arte ez digute eman beste aukerarik, nahiz eta zenbait urte daramatzagun kexa eta errebindikazio berbera egiten.

    Saiatuko naiz astiroago eta hobeki azaltzen. Gaiarre antzokian eta antzekoetan, oinezkoentzat, normalean, izaten dira gutxienez bi salneurriko txartelak sartzeko, emanaldiak ikusteko, eta ez dakit batzuetan hiru salneurriko aukera ere ez ote dagoen: goian, erdian eta behean. Kontua da, 2003-2007ko agintaldian, Yolanda Barcina andre tristeki ospetsuaren gobernuak, erabaki zuela ez jartzea igogailurik aipatutako antzokian, azken berritze lanak egiterakoan, nahiz eta batzuok jartzeko eskatu. Hala, bada, lau urte haietan hantxe ibili ginen udalbatzakook, Gaiarre antzokian zerbait zegoenean, alkate andrea eta gainerako zinegotziak goiko palkoetatik ikuskizunak begiratzen, eta bitartean, neroni behean, Ilargia baino bakartiago, nirekin lagunen bat etorri ezean, UPN eta CDNko gobernukoek erabaki zutelako, hantxe kokatu behar genuela gurpil-aulkian gabiltzan pertsonok, hau da, gorago esan dudan moduan, beheko azken ilararen atzean, baina jakina, sarrerarik garestiena ordainduta, eta hala eta guztiz ere, Barcina andreari behin ere ez zitzaion aurpegia gorritu lotsaz, erabaki hura hartu ondoren ere. UPN eta CDNko inork ez zidan adierazi bere elkartasuna sekula santan, nahiz eta azken alderdi horretako Ignacio Perez Cabañas jauna, Kultura Alorreko zinegotzi delegatua izan. Eta beste horrenbeste gertatzen zen berebat, Baluarten edota Oscus izeneko aspaldiko antzoki zaharrean. Orain arte, uste dut ez dudala behin ere honelakorik esan publikoki, baina halaxe izan zen, eta, egiari zor, aitortu behar dut, behin baino gehiagotan sentitu izan nuela auzo-lotsa.

    Baina, gaur egun, Baluarterekin alderatuta badago alde oso nabarmen bat, alegia, Baluarte izeneko Kongresu Jauregian, deskontuak egiten dituzte pertsona erretiratuentzat eta baita gurpil-aulkian doazen herritarrentzat ere. Zergatik deskontuak azken hauei? Erantzuna oso xume eta erraza da: zeren eta pertsona horiei behartzen baitzaie beti jartzera leku jakin batean, nahi eta nahi ez, oholtzatik urruti dagoen toki batean eta txintik ere esateko eskubiderik izan gabe. Horrexegatik, logikoa da nire ustez, eta Baluarteko kudeatzaileek ere  horrelaxe ulertzen dute nonbait, errekonpentsa eta ordainen bat edukitzea.

    Baina Gaiarre antzokian, ordea, momentuz, ematen du, hango kudeatzaileak ez duela ulertzen modu berean, eta horretantxe izaten ditugu kalapita txiki batzuk: aspalditik eskatu diegu deskonturen bat egiteko, guri ez digutelako aukerarik ematen sarrera mota hautatzeko, edo bestela, eman diezagutela baimena beste leku duinagoren bat kokatzeko, batez ere, behean, erdia baino askoz ere gehiago hutsik dagoenean, otsailaren 11n gertatu zitzaigun bezalaxe. Arkimedesen printzipioa izeneko antzerki-lana ikustera joan, sarrerarik garestiena ordaindu, eta hala eta guztiz ere, antzokiko langile batek ez zigun utzi nahi jartzen aurrean, nahi beste toki baldin bazegoen ere. Jakina, langilea betetzen ari zen goiko agintarien aginduak.

    Azkenean, erabaki genuen jarriko ginela aurrean, leku huts asko zegoelako. Langileak esan zigun ez genuela baimenik han kokatzeko. Guk esan genion baietz, hantxe jarriko ginela, eta ez baldin bazetorren bat, bidaltzeko guri udaltzainak.

    Ez zen beste istilurik gertatu, eta, bukaeran, ateratzerakoan, langileak kontatu zigun hitz egin zuela beste arduradunen batekin, eta baietz, orduan jakin zuela arazo hau aspalditik heldu dela, eta saiatuko direla kudeatzailearekin hitz egiten, ikusteko zer konponbide eman ahal zaion arazo horri.

    Jakin beharra dago, Gaiarre antzokiak funtzionatzen duela Udal patronatu baten bidez, oker ez banago, edo antzeko modu batez.

    Ikusi beharko da, bada, noiz ematen zaion behin betiko konponbide egokia, arazo koxkor horri.

Search