Alex Axpe Abrisketa

Gaur beti bezala euria ari du hemen

Hala dio Hertzainak-en "Salda badago" kantak. Urriak 1 eta berriz ere euria ari du gurean. Hain esanguratsua den egun honetan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak, UGT-k Euskararen dekretuari jarritako helegitearen zati handi bat onartu du. Eremu euskaldunean izan ezik, euskara, ez da meritu bezala hartuko eta elebitasuna ez da derrigorrezkoa izango inprimaki, bide seinale, publizitate eta abarretan. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemaniera positiboki baloratuko dira. Erokeria.

Gaur, 2018an Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak Toni Cantó-ri zuzendutako diskurtsoa gogora ekarri nahiko nuke. Hamaikagarren aldiz, ezjakintasunari lehentasuna eman baitiote jakintzaren aurretik. «Porque aquí parece que la dicotomía siempre es el que técnicamente está formado ante el que sólo lingüísticamente está formado y afortunadamente tenemos fantásticos médicos, fantásticos maestros, fantásticos profesionales que además de saber lo suyo saben el idioma que hay que hablar en la nación en donde están». Behin eta berriz planteatzen dute debatea plano horretan euskarari garrantzia kendu nahian eta hauen arazoa, euskarak ideologia zehatz bat duela uste dutela da, besterik ez.

Berriz ere, gure eskubideak urratzen dituen erabakia. Orain eremu misto eta ez euskaldunean, euskalduna den jendea bere eguneroko hizkuntza aldatzera behartuko dute instituzio publikoetara joatean.

Euskara hilda edo museoetako apaletan ixilik nahi dutenek herri oso bat izango dute aurrean, ez da lehen aldia eta ez da azkena izango.

Search