Santi Angulo

Geurea buruan, ibili munduan

Ez dakit nork asmatu duen kanpaina horren leloa, baina badirudi ingelesez soilik egiten bada, mezua askoz hobeto zabalduko dela. Munduan zehar horrelako biserarekin ibiltzea era gomendatzen digute. Beraz, Ameriketan, Afrikan edo Asian aldean horrelako bisera bat eramaten baduzu, jende guztiak jakingo du zer gertatzen den Euskal Herrian. Ez, bada!

Nik neure buruari zera galdetzen diot: euskaraz ere, ikurrina edo Euskal Herriaren mapa ez badute jarri, nola demontre jakingo du jendeak zer gertatzen ari den gure herrian? Ingelesez baldin badago, jende askok mezua ulertuko du, baina zein herrialdez ari den ez dut uste asmatuko dutenik, batez ere, estaturik gabeko herrien geografiaren ezagutza ikusita. Herri gisa identifikatzen gaituzten ikurrina, EHren mapa edota euskararik gabe, bisera horrek zer demontre adierazi nahi du? Estatu Batuetako presoez ari da, Irlandakoez, ala Palestinakoez. Auskalo!

Nik gauza bat garbi ikusten dut: ingelesez soilik egiten den bakoitzean, euskara baztertzen da eta gure herriaren ezaugarri garrantzitsuetariko bat desagerrarazten da.

Search